Ireki da jada Basque Culinary World Prize sariaren 6. ediziorako izendapenak egiteko prozesua. Saria urtero ematen da, eta “sukaldaritzaren esparrua gainditu” eta beste hainbat arlotan, esaterako teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien ekoizpenean edo garapen sozialean eta ekonomikoan eragina duten chef aitzindarientzat da.
Sari aitzindari eta global honek munduko sukaldari hoberenen babesa dauka
Sariaren 6. edizioan, 2020an pandemiaren ondorio suntsitzaileen erdian sukaldaritzak izan zezakeen papera azpimarratu ondoren, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren indar eraldatzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, sukaldarien historia inspiratzaileekin, gaur egun sukaldaritzatik inpaktu sozialak sortzen dituzten sukaldarien historiekin, esaterako.
Sariaren 5. edizioan, Jose Andres sukaldariak irabazi zuen Basque Culinary World Prize saria, gastronomiak gaur egungo munduko erronkarik larrienetako bati modu globalean eta lankidetzan emandako erantzunagatik, eta aurten, saria nazioarteko sukaldaritzaren inplikazioa modu irmoan adieraziko duen enbaxadore berri baten bila ere badabil.
Sari aitzindari eta global honek munduko sukaldari hoberenen babesa dauka. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin sortutako sari honek goraipatzen du sukaldariek beren sormena, ezagutza, lidergoa eta ekintzailetza erabiliz gizartearen barruan aldaketa bat sortarazteko duten ahalmenari esker gastronomiak eduki dezakeen inpaktua.
Munduan eraginik handiena duten sukaldariek eta nazioarteko akademikoek eta adituek eratutako diziplinarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea. Urtero sukaldari bat aukeratzen dute sariaren espiritua irudikatzeko: gizartea gastronomiaren bidez eraldatzea, eta saridunak 100.000 € jasotzen ditu, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazten duen ekimen batera bideratzeko.
Izendapenak egiteko aldiaren irekiera:
Maiatzaren 31 baino lehen gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte. Izendapenak Basque World Culinary Prizeren web orriaren bitartez egin behar dira: www.basqueculinaryworldprize.com
Sari honek komunitate gastronomikoaren ezagutza kolektibora jotzen du mundu osoko profesionalak aurkitzeko, eta sektorean esperientzia profesionala duen edozein sukaldariri irekita dago, berdin dela zer sukaldaritza kultura, nazionalitatea edo nabarmentasuna duen.
Izendapenetarako prozesua:
Izendapenen epea amaitu ondoren, Basque Culinary World Prizeko idazkaritzak aztertuko ditu hautagaiak. Idazkaritza hori gastronomiako akademikoek eta adituek osatuko dute.
2021eko uztailean birtualki egingo den bileran aukeratuko da irabazlea. Joan Rocak (Espainia) presiditu eta munduan eraginik handienekoak diren sukaldariek, tartean Andoni Luis Aduriz (Euskadi), Eneko Atxa (Euskadi), Massimo Bottura (Italia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka) eta Enrique Olvera (Mexiko), osatutako epaimahai batek egingo du aukeraketa.
Bermea duen saria:
Sariak inpaktu handia eduki du, aldaketaren aitzindari diren sukaldarien lana nabarmentzen duelako eta beren ezagutzak baliatuz klima aldaketaren, elikagaien xahuketaren, biodibertsibitatearen, gizarteratzearen arazoak edo egungo pandemiak eragindako arazoak lantzen dituzten profesionalen historia inspiratzaileak bistaratzen dituelako.