- NEIKER zentro teknologikoak “Animalietatik gizakietara: gaixotasun kutsakorrak eta One Health” jardunaldia antolatu du gaur goizean Bilbon, Bizkaiko Albaitarien Elkargo Ofizialarekin lankidetzan
- Ekitaldian, One Health kontzeptuaren gakoetako batzuk argitu dira, non animalien eta gizakien osasunaren arteko interdependentzia ulertzeko ikuspegi globala eta integrala ematen baita, baita horiek parte diren ekosistemekin duten lotura ere
Gizakiok eta animaliek oso harreman estua dugu: espazioa, elikagaiak eta, are gehiago, gaixotasunak partekatzen ditugu. Horregatik, biodibertsitatea babesteak eta, aldi berean, ekosistema osasuntsu eta funtzionalak mantentzeak eragin positiboa du gure osasunean. Premisa horretatik abiatuta, 2000. urtearen hasieran kontzeptu hori definitzeko termino bat sortu zen: One Health, edo “osasun bakarra”. Termino hori gero eta garrantzitsuagoa da azken urteotan, pertsonen, animalien, landareen eta ingurumenaren arteko interakzioetan gertatu diren aldaketen ondorioz.
Giza populazioaren hazkundeak eta basoko animaliekin zein etxekoekin dagoen kontaktu estuak animalia jatorriko zenbait gaixotasun hedatzea eragin dute; horiei zoonosi esaten zaie. Gaixotasun horiek modu naturalean transmititzen dira animalia ornodunen eta gizakiaren artean, edo alderantziz, bai elikagaien bitartez, bai infekzioak transmititzeko gai diren artropodo bektoreen bitartez –esaterako, eltxoak, flebotomoak edo kaparrak–, gero eta interkonektatuago dagoen mundu batean.
Kontzeptu horren konplexutasuna aletzeko, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance-ko kideak (BRTA), jardunaldi bat antolatu du Bizkaiko Albaitarien Elkargo Ofizialarekin lankidetzan, “Animalietatik gizakietara: gaixotasun kutsakorrak eta One Health”, gaur goizean, Bizkaiko Albaitarien Elkargo Ofizialaren egoitzan, Bilbon.
Ekitaldiak gizakien eta animalien osasunaren arloko profesional ugari erakartzea lortu du, baita hainbat administraziotako abeltzaintza, osasun publiko eta epidemiologia arloetako teknikariak eta zenbait ikerketa zentrotako eta erakunde akademikotako ikertzaileak ere, hala nola EHU-Euskal Herriko Unibertsitatekoak.
Jardunaldian zehar, hainbat gai jorratu dira, zoonosiek eta antimikrobianoekiko erresistenteak diren bakterioek osasun publikorako dakarten erronka handia oinarri hartuta; izan ere, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko arduradun Joseba Garridok baieztatu duenez, gai horiek “ezinbestekoak dira gizakien, animalien eta ingurumenaren osasun arazoak modu integralean ulertzeko eta kontzeptu horri buruzko ikuspegi globala izateko beharra barneratzeko”. Halaber, ekitaldian parte hartu duten adituek animalien eta gizakien osasunari buruz egiten ari diren ikerketaren emaitzetan sakondu dute beren hitzaldietan.
Zortzi hitzaldi ‘osasun bakarrerako’
Goizeko bederatziak pasata hasi da jardunaldia, Rosa Maria Estevez Reboredoren hitzaldiarekin; informazio mikrobiologikoko sistemen buru eta zoonosiaren unitateko arduraduna da, Carlos III.a Osasun Institutuko Epidemiologia Zentro Nazionaleko Zaintza Epidemiologikoko Analisi Arloaren barruan. “Zoonosiak: osasun publikorako erronka handia” izenburuko hitzaldian, Estevezek osasun publikoaren ikuspegitik zoonosiak duen garrantzia azaldu du, eta inpaktu handiena duten eta estatuan zein munduan giza osasunerako mehatxagarrienak diren gaixotasunak errepasatu ditu.
Bigarren hitzaldian, “Biodibertsitatearen eta zoonosien arteko harremana aldaketa globaleko testuinguru batean”, Aitor Cevidanes NEIKEReko Animalien Osasun saileko ikertzaileak basa faunaren dibertsitateari lotutako zoonosien transmisioaren faktore erabakigarrienei buruz hitz egin du. Horretarako, gure lurraldean egindako ikerketen adibide batzuk aurkeztu ditu.
Ondoren, NEIKEReko Animalien Osasun saileko ikertzaile Ana L. Garcia Perezek Q sukarraren eraginari eta agerraldiak gertatzeko arrisku faktoreei buruz duen ikuspegia eman du. Bere hitzaldian, Q sukarraren alderdi orokorren errepasoa egin du, baita agerraldiak bideratzeko Euskadin egiten den diziplina arteko lana ere, kutsatzeen iturria ezagutzeko.
Saioaren lehen zatiko azken hitzaldia Marta Barral NEIKEReko Animalien Osasun saileko ikertzaileak eman du. “Patogenizitate handiko hegazti gripea” izeneko aurkezpenean, gaur egun dagoen egoera xehatu du, bai maila globalean, bai zehatzago Euskadin, azken urtean gaixotutako hegazti basati asko hauteman baitira.
Atsedenaldiaren ondoren, mikrobioen aurkakoekiko erresistentziei buruzko lehen blokea bi hitzalditan banatu zen; lehena Ana Hurtadok eman zuen, NEIKEReko Animalien Osasun saileko ikertzaileak, eta “Antimikrobianoekiko erresistentziak abeltzaintzan” izeneko hitzaldian, eremu horretan dagoen egoeraren erradiografia egin du, eta arazoari aurre egiteko egiten ari diren zenbait ekintza aurkeztu ditu,
Ondoren, bloke berean, Miriam Alkortak, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Infekzio Gastrointestinal eta Parasitologia saileko arduradunak, elikagaien bidez transmititzen diren Campylobacter eta Salmonella eta antzeko patogeno nagusiei buruz hitz egin du, baita infekzio horiei lotutako erresistentziei buruz ere, ospitalean diagnostikatzen diren kasu klinikoetan oinarrituta.
Jardunaldia bektoreek transmititutako gaixotasunei zuzendutako bloke batekin amaitu da. Lehenengo hitzaldian, “Artropodo bektore interesgarriak EAEn gizakien eta animalien osasun gaixotasunetarako” izenekoan, Jesse Barandika NEIKEReko Animalien Osasun saileko ikertzaileak gure erkidegoan azken hamarkadan espezie bektoreak zaintzeko programetan lortutako emaitza interesgarrienak laburbildu ditu (eltxoak eta kaparrak, inbaditzaileak zein autoktonoak).
Miguel Angel Jimenez Clavero, Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologiarako Institutu Nazionaleko ikertzailea (INIA-CSIC), Gaixotasun Emergenteen eta Mugaz Gaindikoen ikerketa taldeko Zoonosien ataleko buru eta Gaixotasun Infekziosoen eta Osasun Globalaren departamentuko zuzendaria mintzatu da ekitaldiaren amaieran.
“Zoonosi birikoen agerraldia Iberiar Penintsulan” izeneko txostenean, azken urteotan penintsulan gertatu diren gaixotasun mota horien kasu batzuk azaldu ditu, eta bereziki nabarmendu ditu Mendebaldeko Niloko gaixotasunaren agerraldiei buruz eta Krimea-Kongoko sukar hemorragikoko kasuei buruz egindako azterketak. Gainera, bere mintzaldian, hegazti basatien azterketaren garrantzia nabarmendu du, zoonosi mota horren hedapenean parte hartzen dutelako.