Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearekin batera, Gernikako urriko azken asteleheneko azoka tradizionalean parte hartu zuen. Euskadiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorekoentzat zita garrantzitsuenetarikoa da, eta oraingoan 900 salmenta-postu inguru jarri dira. Pandemia ostean normaltasunez ospatu den Urriko Azken Astelehenean Tapiak eta Orozek ekoizleekin beren kezka partekatu dute eta egoerari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurriak azaldu dituzte.
Ukrainako gerra nekazaritzaren sektore askoren egoera larriagotzen ari da, sektore horiek EBaz kanpoko sargaiekiko oso mendekoak baitira. Ekoizpen-kostuak modu eutsian gehituz doaz, animaliak elikatzeko lehengaien prezioek eta energiaren nahiz erregaien prezioek ere gora egin dutelako.
Azpimarratzekoa da azkeneko hamabi hilabete hauetan ongarrien prezioak batez beste 2,24 biderkatu direla, pentsuen batez besteko prezioa % 20 igo dela, gasolioarena, berriz, % 83 eta elektrizitateak % 74 egin duela gora.
Eusko Jaurlaritzaren babes-neurriak
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, besteak beste, honako neurri hauek jarri ditu abian:
- Eusko Jaurlaritzaren funts propioak erabiliz, 1,8 milioi euro aktibatu dira haragi-abeltzaintzaren sektoreari laguntzeko, Europako Batzordeak abiarazitako NPEren krisi-erreserbaren barruan. Erreserbak Europako Erkidegoaren aldetik 900.000 euroko finantzaketa jaso zuen. Aipatutako laguntzak irailean ordaindu ziren.
- Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak laguntzeko ezohiko laguntzen deialdia, Estatuak Ukrainari emandako EBko aldi baterako esparruren barruan. Laguntzak 14,1 milioi euro izango ditu, eta azpisektore hauetako enpresen jarduera mantentzen lagunduko dute: behiak, ardiak, ahuntzak, haragitarako eta erruteko hegaztiak, txerriak, untxiak, zaldiak, patatak, erremolatxa, bazka-artoa eta lekadunak. Gaur egun ordainbidean dago, eta urtea bukatu baino lehen osorik ordaintzea espero da.
- Zuzeneko laguntzen efektua osatzeko, kreditu-lerro bat ex profeso gaitu da, Finantzen Euskal Institutuarekin eta Elkargirekin lankidetzan. Aipatutako finantza-tresna indarrean dago, eta animalien elikaduraren arloko enpresa-operadoreek Elkargiren bulegoetan aurkez ditzakete mailegu-eskaerak.
- Merkataritza-akordioak bultzatzea erosketa zentralizatuak sustatzeko. Horren harira, joan den uztailean, Kanadatik 12.000 tona artorekin etorritako itsasontzia erostea bermatu Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Pentsuen Fabrikatzaileen Elkarteak (EPEA) sustatutako eragiketa horri esker, lehengaien hornidura ziurtatzea ahalbidetu zen; izan ere, pentsua fabrikatzeko oinarrizkoa da. Hala, egungo espekulazioa eta ondoko merkatuetan sortzen ari zen merkatu-itxiera eten egin zen.
- Kanpoko merkatuetan erosi eta sartzeko prozesu horiek errazteko xedez, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren beste deialdi bat ere onartu du berriki. Deialdian aldi baterako ezohiko laguntzak eskaintzen dira, 850.000 euro, guztira, abeltegiko animalien elikadurara bideratutako enpresa-operadoreentzat, lehengaien hornidura bermatzeko.