Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia izan zen Food 4 Future biltzarraren bigarren edizioaren inaugurazio-ekitaldiaren burua. Ekitaldi hori maiatzaren 17tik 19ra egin zen Bilbon eta munduko garrantzitsuena da elikagai eta edarien industriara bideratutako berrikuntzaren arloan.
Tapia sailburuarekin batera izan ziren Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea), Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua) eta Fernando Miranda (Estatuko Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusia), bai eta Jordi Gallés ere, Food 4 Future Expo Foodtech-en presidentea.
Bi ediziotan bakarrik, Food 4 Future ezinbesteko hitzordu bihurtu da mundu osoko elikagai eta edarien arloko enpresetarako. Horrenbestez, biltzarra plataforma bat izango da “The Food Global Ecosystem” ekimena ezagutarazteko. Egitasmo hori ekosistema propio bat da munduko erronka garrantzitsuenetako bati erantzuteko: elikadura osasuntsu eta jasangarria zaintzea.
F4F ekimeneko gai nagusiak
Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, belaunaldi berriko osagaiak eta jasangarritasuna ziren edizio honetako gai nagusietako batzuk.
Biltzarraren lehen egunean, big data edo adimen artifizial erabilita, arrantza-industria, haragi-industria eta agritech arloko elikagaien ekoizpen adimenduna landu zen.
Bigarren egunean, jasangarritasunaren mundu mailako tratamendua izan zen ardatz, eta proteina-iturri eta osagai berriak aztertuko dira eta osagai horiek nola eralda dezaketen dieta eta gizarteen kontsumo-patroia, jasangarriago izateko. Halaber, hondakinak, isuriak eta plastikoen erabilera nola murriztu aztertu zen, eta berritasunak aurkeztu ziren packaging arloan.
Hirugarren eta azken egunean, osasuna eta elikagaien segurtasuna aztertu zen, teknologia berriak erabilita. Elikadura-iraultza horretan honako hizlari hauek izan ziren buru, besteak beste: Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Ignacio Muñoz (Angulas Aguinaga), Carmen Gómez-Acebo (Coca Cola) edo Ricardo Fernández (Carrefour).
Euskadiren standa
Enpresa-garapena eta enpresa eta negozio berriak sortzeko bultzada dira Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko bi apustuak elikaduraren eta gastronomiaren balio-katea indartu eta hazteko, sektore estrategikoa baita euskal ekonomiarako. Hori dela eta, Jaurlaritzak espazio garrantzitsua du biltzar horretan; izan ere, stand bat izan zuen eta bertan, informazioa eskaini zen erakunde-mailan elikadura-enpresen esku jartzen diren tresnei buruz.
“Euskadi Basque Country, land of opportunities” standak lurraldearen indarra erakutsi zuen elikaduraren arloan, eta bertan izan ziren nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako enpresa publikoak (Hazi, Neiker eta Elika), Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Invest In Basque Country erakundeko taldea. Bestalde, F4F ekimenean euskal elikadura-ekosistemako beste agente batzuk ere izan ziren, hala nola AZTI, Basque Food Cluster eta Tecnalia.
Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eskaintzen dizkie Euskadin instalatu nahi duten enpresei, besteak beste, babes- eta laguntza‑programak startupentzat, ikerketa‑zentroen sare garrantzitsu bat berrikuntzan aurrera egin nahi duten enpresa finkatuentzat, edo kokapenei, baldintzei, eta abarrei buruzko informazioa. Azken batean, elikadura-ekosistema egituratu bat, sektorearen erronka estrategikoetarako konponbide berritzaileak garatzen dituena, nazioarteko eragileekin dagoen lankidetza eta gaitasunak bizkortzen dituena, elikaduraren sektorea jasangarria, segurua, osasungarria eta berezia izan dadin.
Erakusketa-zatiaz gain, hedapen-zatian euskal enpresa publikoek hainbat hitzaldi eta konferentzia tekniko eman zituzten . Hitzaldi horietan, Neikerreko, Haziko eta Elikako adituek hainbat gairi buruz hitz egin zuten: datuen zientziaren aplikazioa nekazaritzan, jasangarritasuna, karbono‑aztarnaren murrizketa, kontsumitzaileen behar berrien azterketa, biosentsoreen teknologia eta adimen artifizialaren aplikazioa, besteak beste.