Elikaduraren eta zuraren balio-katean jarduera ekonomikoa sustatzea eta Euskadiko landa nahiz itsasertzeko ingurunean kultura ekintzailea eta esperientzia berritzaileak sustatzea dira “Ostegun ekintzaileak” ekimenaren helburu nagusiak. HAZIk bultzatutako ekimen horren zortzigarren edizioa izango da aurten.
Oraingo honetan zortzi lantegi dituen trebatzeko ibilbide bat egin da; lantegi horiek hilabete bakoitzeko ostegun batean garatuko dira urtean zehar, hiru lurralde historikoetan. Iazko edizioan aurrez aurreko saiorik egon ez zen arren, aurtengoan hasierako formatura itzuliko gara, ekintzaileen arteko zuzeneko harremanera, elkarren esperientziak parteka ditzaten, aukerak hautemateko edo bakoitzak bere proiektuak ideia berritzaileekin lantzeko.
Edizio honen erronka pertsona eta enpresa partaideen ideiak aberastea da, baita ekintzaileen komunitate bat sortzen laguntzea ere, ideia horiek kontrastatu ahal izateko eta ideiak heltzen eta bideragarritasuna aztertzen laguntzeko. “Ostegun ekintzaileak” landa inguruan, lehen sektorean zein beste edozein eremu profesionaletan, jarduera ekonomiko bat abian jarri nahi dutenentzat da, ideia hori abian jartzeko edo mantentzeko eta negozia hobetzeko gaiei buruzko orientazioa behar dutenentzat. Helburua da kultura ekintzailea eta ekimenak dituzten pertsonen arteko lotura sustatzea, identifikatutako edo eskatutako gaietan kualifikazioa eskaintzea eta ekintzailetzaren ibilbideko zailtasunak eta erronkak partekatzea.