Adierazle teknikoen bidez, arrainaren legez kanpoko jatorria aztertzen duen sistemari buruzkoa izan da InnovaTUNA ideia-lehiaketaren irabazlea, 2022an Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak abiarazitakoa, arrantza-industrian legez kanpoko arrantza eta lan-abusuak murrizten lagunduko duten proiektu berritzaileak bilatzeko erronkarekin.
Ostiralean, otsailaren 11n, formatu birtualean egin zen ekimenaren finala. Bertan, finalistek beren soluzioak aurkeztu eta defendatu zituzten epaimahaiaren aurrean. Epaimahaia BTWC, AZTI zentro teknologikoa, Bermeoko Udala, Anabac eta Sinerxiako adituek osatzen dute.
Guztira, Espainia osotik zetozen 10 proiektu aurkeztu ziren, BTWCk planteatutako erronkari erantzuteko irtenbideak proposatzen zituztenak.
Azkenean, Xabier Urrutiaren “Legal Score” proposamena izan zen irabazlea. Flota baten legezko jardueraren benetako eta ageriko zantzuak eman ditzaketen adierazle teknikoak erabiltzen dituen tresna ebaluatzailea. «Tresna hau zirkuitu komertzialean zehar doa puntuak batuz edo kenduz, check list lehenetsi batean hautatutako adierazleen emaitzaren arabera», azaldu du Xabier Urrutiak, soluzio irabazlearen sortzaileak.
Maitane Leizaola, InnovaTUNAko epaimahaikidearen arabera “proposamen bideragarria da, planteatutako erronkari erantzuteko benetako irtenbide bihur daitekeena, maila globalean eskalatu daitekeena eta epe laburrean ezar daitekeena”.
“Soluzioa ondo planteatuta dago eta ibilbidea du; beraz, espero dugu, BTWCtik eta InnovaTUNAtik eskain diezaiokegun laguntzarekin, errealitate eta negozio-eredu bihurtzea, atunaren industrian ezartzeko gai izango dena”, azaldu du Ignacio Serrats Bermeo Tuna World Capital-eko presidenteak.
Zehazki, Legal Scorek 10.000 euroko saria jaso zuen, hau da, 5.000 euro eskudirutan eta mentoring zerbitzu bat, non aholkularitzako ordu-poltsa bat izango duen, aurrez aurrekoa edo online izan daitekeena, bere negozio-eredua garatzeko, beste 5.000 eurotan baloratuta.
Gainera, InnovaTUNAko epaimahaikideek positiboki baloratu zituzten jasotako gainerako proposamenak, gehienak Euskaditik etorritako eta arrantza-sektoreari lotutako pertsonenak.
Maitane Leizaolak gehitu duenez, “oso proposamen interesgarriak eta ondo landuak jaso dira, sektoreari buruzko ezagutza zabala dutenak: euskarri teknologikoa duten trazabilitatean oinarritutako konponbidetik, sektoreari lotutako kooperatibak sortzera “.
Bermeoko arrantzale guztiei eskaini die saria Xabierrek, baita atunontzi izoztailean lan egiten duten guztiei ere, baita Anabac atunontzi izozkailuen elkarteei eta Opagac-i ere.
Legez kanpoko 11 eta 26 milioi tona arrain artean
InnovaTUNA lehiaketak gaur egun arrantzaren sektoreak aurre egin behar dion erronka handi bati erantzun nahi dio, Europan sartzen den arrainaren % 15 legez kanpoko jardueretatik datorrela uste baita.
“Urtero legez kanpo harrapatzen dira mundu osoan 11 eta 26 milioi tona arrain, eta horrek 10.000 eta 23.500 milioi USD arteko galerak eragiten dizkio munduko ekonomiari”, Ignacio Serrats BTWC elkarteko presidenteak azpimarratu duenez.
Gainera, harreman estua dago INDNR arrantza-jardueren (legez kanpokoa, aitortu gabea eta arautu gabea) eta giza eskubideen abusuen artean.
“Beste sektore batzuetan bezala, beharrezkoa da itsasoan lan egiten duten pertsonek gizarteratzea eta berdintasuna, giza eskubideen errespetua eta lan-baldintza seguru eta txukunak bermatuko dituzten gizarte- eta lan-estandar duinen pean egitea. Hala ere, askotan, itsasgizonak eta arrantzaleak beste edozein industriatan onartezinak izango liratekeen baldintzetan lan egitera behartuta egoten dira”, Serratsek nabarmendu duenez.
Horregatik guztiagatik, balio-katearen azken katebegiak, kontsumitzaileak, jakin behar du zer inplikatzen duen eskuratzen dituen produktuen balio jasangarriak eta propietateek, eta zer mehatxu dakarren itsas baliabideen erabilera iraunkorrerako eta kontserbazio-helburuetarako, bai eta munduko ozeanoetan eta beste ekosistema urtar batzuetan, merkataritzan eta kostaldeko komunitateetan eragiten dituen funtsezko ondorio negatiboak ere. Horrek eragin zuzena du kontsumitzailearen erosteko erabakian, gero eta arduratsuagoa eta zorrotzagoa baita bere erosketa-portaeretan.
InnovaTUNA Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak antolatutako ekimen berri bat da, Bermeoko Udalaren, Itsasgarapen Elkartearen eta Urdaibaiko biosferaren erreserbaren laguntzarekin. Ekimen horren helburua talentua sustatzea eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko potentzial handia duten ideia berritzaileak sortzea da, atunaren balio-katea iraunkortasunaren inguruan lerrokatzen laguntzeko, ikuspegi oso batetik, eta sozioekonomikoki sektorea garatzen laguntzeko.
BTWCri buruz
Bermeo Tuna World Capital elkartearen erronka da atunaren kudeaketa iraunkorra sustatzea, baliabide natural gisa, jardunbide egokien ezagutzatik eta lidergotik abiatuta.
Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, Bermeoko, Euskal Herriko eta nazioarteko atunaren balio-kateko funtsezko eragile guztiak inplikatzea bilatzen duena. Gaur egun, elkarteak 37 bazkide ditu: horien artean, erauzteko, kontserbatzeko eta merkaturatzeko enpresa ugari, sektoreko hainbat elkarte, AZTI zentro teknologikoa eta erakundeak: Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Hiriburutzaren helburua da zientziaren eta arrantzaren, jakintzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatzea, eta ondare historikoa berreskuratzea, kudeatzea eta zabaltzea. Gainera, ekimen honekin Bermeoko herriaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatu nahi da.