Xanty Elías chef espainiarrak irabazi du Basque Culinary World Prize 2021 saria, haurren elikadura-heziketaren garrantzia azpimarratzeagatik, «Los Niños se Comen el Futuro» ekimenaren bitartez. Munduko eragin handieneko hainbat sukaldariz eta nazioarteko adituz osatutako epaimahai batek hautatu zuen irabazlea, Joan Roca chefa buru zuela
Renauta fundazioaren presidentea izanik, jatetxeen sektorean turismoaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du
Saria 100.000 eurokoa da eta Xanty Elíasen «Los Niños se Comen el Futuro» ekimena bultzatuko du. Haurren heziketan sukaldaritzaren eta kontsumoaren inguruko kultura barne hartzea eta kontsumitzaile kontzienteen belaunaldi berri bat sustatzea da ekimen horren helburua
Basque Culinary World Prize sari bakar eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzak –Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan– eta Basque Culinary Center erakundeak –gastronomiako erakunde akademikoetan liderra– emana. Sariaren bidez, besteak beste, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumen, osasun, elikagai-industria eta garapen sozial eta ekonomikoaren arloko ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen da.
«Los Niños se Comen el Futuro» proiektuaren bitartez, Espainiako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan «Gastronomia-kultura solidarioa» izeneko zeharkako ikasgai bat, elikadura jasangarriaren arlokoa, sartzearen alde lan egiten du 2018tik, sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen kultura erakustea oso garrantzitsua dela uste baitu. Programa berritzaile horrek –maila nazionalean eta nazioartean saritua izan da–, horrela, kontsumitzaile kontzienteen belaunaldi berri bat bultzatzen du, gazteei on egiteko ez ezik, urteekin gizarte osoarengan eragina izateko asmoz.
«Ez dago heztea baino osasuntsuagoa den ezer» lelopean, Xantyren programa, gastronomia-kultura irakasteko proiektu aitzindaria, Andaluziako eta Madrilgo 80tik gora ikastetxeetan egon da martxan. Programa horretan, Lehen Hezkuntzako 10.500 ikasle inguruk parte hartu dute eta, 2022tik aurrera, kopuru hori bikoiztu egingo da.
Gainera, Prenauta fundazioaren presidentea izanik, jatetxeen sektorean turismoaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, baina, batez ere, eskola-umeen elikadura-heziketa sustatzearen aldekoa, ziur baitago horrek osasunaren, kontsumo kontzientearen eta sukaldaritza-kulturaren arloetan baldintza hobeak eskaintzeko botere handia duela.