Eusko Jaurlaritzak 2023ra arte guztira bi milioi euro bideratuko ditu Azti zentro teknologikoak gidatuko duen “Oarsoaldean Ekonomia Urdina garatzeko HUB teknologiko eta industriala” proiekturako. Espazio teknologiko lehiakorra konfiguratu nahi da, bai eta produktu eta merkatu xedeak –batez ere klima-‑aldaketari aurre egitera zuzendutakoak- eta ekonomia zirkularrago baten erronkak eta aukerak definitu ere.
“Pasaiako Badia” ekonomia urdina garatzeko marka izatea nahi da, eta alor horretan jardunbide hobeak ezartzearen eredu ere bai.
Helburu orokor horiek honako hauetan zehazten dira:
- Hazkunde urdinari lotutako talentuak eta start-upak erakartzeko ekosistema bat sortzea, berrikuntza-sistema ireki eta erabakitzailea izateko.
- Enplegu-potentzial handia eta hazkunde jasangarria duten sektoreak garatzea eta enpresak sortzea honako arlo hauetan, besteak beste: itsasontzi autonomoa eta elektrikoa, baldintza ozeanografikoen zerbitzuak eta offshore garapenetarako materialen erresistentzia edo balio erantsi handiko itsasoko produktuak.
Oarsoaldeko beste eragile batzuen ekimenak babestea: arrantzarako, akuikultura jasangarrirako eta energia ozeanikorako hezkuntza. - Ekonomia urdinari buruzko ezagutza, ziurtasun juridikoa eta segurtasuna emateko funtsezko osagaiak ematea. Besteak beste, itsasoaren osoko zaintza, agintariek itsasoan gertatzen ari denari buruzko ezagutza handiagoa izan dezaten, eta itsas-espazioaren ordenazioa, jardueren kudeaketa eraginkorra eta jasangarria bermatzeko.
- Helburu horiek lortzeko, enpresen inkubagailu bat abian jarri eta babestu nahi da, ekonomia urdinaren poloa garatzeko erronketan oinarrituta, azpiegitura bat ere eraiki nahi da, hain zuzen ere, bi karga-estazio eraiki nahi dira, bata portuaren barnealdean eta bestea ur gainean, kanpoaldean; azpiegitura hori energia berriztagarrietan oinarrituko da eta itsas-ibilgailuen garapenean interesatutako enpresak erakartzea du xede. Era berean, balio erantsi handiko itsasoko produktuak ekoizteko instalazioa garatu nahi da, jatetxeetarako eta elikagaien industriarako.
Ekonomia urdina
Ekonomia urdinaren baitan sartzen dira ozeanoekin, itsasoekin eta itsasertzekin zerikusia duten jarduera guztiak, nahiz itsasoan bertan garatzen direnak (esaterako, itsas garraioa, arrantza, energia sortzea) nahiz lehorrekoak (hala nola portuak, ontziolak, lurreko akuikultura edo algen ekoizpena). Sektore tradizionalez gain, jarduera berritzaileak eboluzionatzen ari dira: ozeanoetako energia berriztagarriak, bioekonomia eta bioteknologia urdina, gezatzea, etab.
Eskualdeko Plan Estrategikoen (EPE) baitan, itsasoari lotutako ekonomia sustatzea da Oarsoaldeko 2017-2025 Plan Estrategikoaren ardatzetako bat; izan ere, eskualdeko ekonomiaren ezaugarri bereizleetako bat da itsasoa, Pasaiako badia eta jarduera tradizional hau berrasmatzeko sektoreak bertan egotea. Ezagutza hori aprobetxatu egin behar da, bai eta beste eskualde batzuekin alderatuz gero dituen aukera apartak ere.
Azti itsas ingurunean espezializatutako zentroa da, Zentro Teknologikoen Euskal Sarean dago eta itsasoko balio-katean ekonomia urdineko alderdi guztiak garatzeko gaitasuna aitortuta du. Bioekonomia urdinaren poloan Eusko Jaurlaritzaren programa estrategikoaren ildo berean dago, eta Oarsoaldeko agentziarekin eskualdeko planen garapenean lankidetzan ari da, bere espezializaziogatik eta Pasaiako badian egoteagatik.