ONekin! Berrikuntza eta ONekin! Digitala izenarekin HAZIk bultzatutako bi programen oinarriak argitaratu dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio-kateko digitalizazio adimentsua garatzeko esparru estrategikoan. Programa horiek kate hori osatzen duten pertsona eta enpresa guztien lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko tresna gisa balioko dute, eta sektore premia berriak aseko dituzten produktu berriak garatzeko aukera emango dute. Ekimen horren bidez, diruz lagunduko dira ETE-ek eta mikroETE-ek beren produktuak, zerbitzuak eta negozio-prozesuak hobetzeko jarduerak.
Programa horiek Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio-katera bideratuta daude
Bi programetan izena emateko epea irekita egongo da abenduaren 3ra arte, eta horien onuradun izan daitezke Euskadiko nekazaritzako elikagaien, basogintzaren, gastronomiaren eta arrantzaren sektoreko pertsona fisiko edo juridiko pribatuak edo horien elkarteak, betiere zergak Euskal Autonomia Erkidegoan ordaintzen badituzte. Euskadiko Kooperatiben Federazioan izena emanda duten sozietate kooperatiboek ere egin ahal izango dute.
Dirulaguntzaren ehuneko eta gehieneko zenbatekoa erakunde onuradunen motaren araberakoak izango dira: diruz laguntzeko moduko kostuen % 69 eta % 70 artekoa, eta gehieneko zenbatekoa 5.000 eurotik 24.000 eurora bitartekoa. Proiektuak diseinatzeko, gidatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak aukeratu ahal izango dira.
Programa horietara sartu ahal izateko, enpresek onekin.eus webgunean argitaratuta dauden oinarrietan jasotako zenbait baldintza bete beharko dituzte.
ONekin! Berrikuntza
Berrikuntzaren bidez jardueraren eta negozioaren erritmoa berreskuratzea bultzatzeko programa; eta berrikuntza hori teknologikoa izan daiteke edo ez. ONekin! Berrikuntza programarekin produktuak (ondasunak edo zerbitzuak) hobetzen edo jarduera dibertsifikatzen lagunduko duten proiektuen garapenari aholkularitza eta laguntza eman nahi zaio, bai eta ekoizpen-prozesuak garatzera bideratutakoei ere, horien efizientzia eta eraginkortasun handiagoa lortze aldera.
Informazio gehiago: https://onekin.eus/programa/onekin-berrikuntza/
ONekin! Digitala
Programa horren bidez, ekoizpen-kate osoan teknologia digitalak atxikitzea erraztu nahi da, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta euskal ekosistemako erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, irtenbide teknologiko komunak sartzeko. Irtenbide horiek ezartzeko dirulaguntzaz gain, digitalizazioaren esparruan jasotako aholkularitza-zerbitzuak ere diruz lagunduko diren gastutzat jotzen ditu programa horrek. Banakako enpresei/profesionalei, kolektiboei, kooperatibei eta nekazaritza- egiturei zuzenduta dago.
Informazio gehiago: https://onekin.eus/es/programa/onekin-digitala/
Orain abian jarriko diren bi finantzaketa-ildo horiez gain, aurreikusten da ONekin! Saiatu programaren eskabideak aurkezteko epea datorren urtarrilean zabalduko dela. Programa hori ekintzailetzara bideratuko da.
Informazio gehiago: https://onekin.eus/es/programa/onekin-saiatu/