Estatu kide bakoitzak bere estrategiak garatzen ditu bere landa-inguruneak zerbitzuak, lana, konektibitatea eta mugikortasun egokiagoa, bitarteko iraunkorragoa eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresna hobeak izan ditzan lortzeko. Laburbilduz, landa-eremuetan bizitzea aukeratu duten pertsona guztien bizi-kalitatea hobea da.
Garrantzitsua da landa-inguruneko biztanleak sentsibilizatzea eta trebezia digitaletan prestatzea
Hain zuzen ere, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta teknologia eta berrikuntza landa-ingurune adimendunaren aliatu gisa izenburupean jardunaldia egin zen online formatuan, eta han ondorioztatu zen modu adimentsuan lan egin behar dela, digitalizazioa eta berrikuntza oinarri hartuta, eta eskualdeetako esperientzia arrakastatsuak partekatu behar direla, eskala handiagoan hobetu ahal izateko. Horixe izan zen Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Doris Marquardtek helarazi zuen mezuetako bat; izan ere, adierazi zuen eskualdeen arteko desfase digitala konpondu behar dela, Europa mailako ikuspegi globala lortzeko. Horretarako, esperientziak trukatu eta probak testeatu behar ditugu, prozesuak estandarizatzeko eta berrikuntza digitaleko ereduak garatzeko. Europan asko egin dezakegu, eta NPBa tresna lagungarria izan daiteke ideiak trukatu eta helburu horiek lortzeko.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak Europako hainbat tokitako (Italia, Andorra, Belgika, Eskozia eta Euskadi) esperientziak partekatzeko erakuslehio izan den jaradunaldiari hasiera eman zion. Orozek esan zuen oso garrantzitsua dela gaur bezalako jardunaldiak egitea lankidetza eta partekatutako proiektuen planifikatzea ahalbidetuko duen esparru bat ezartzeko, berrikuntzan oinarritutako irtenbideak lortzeko eta balio bereizgarriko eta lehiakortasun aukerak sortzeko. Halaber, garrantzitsua da landa-inguruneko biztanleak sentsibilizatzea eta trebezia digitaletan prestatzea; horretarako, ahalegin berezia egin behar da, sailburuordeak gaineratu zuenez.
Europatik Enrique Nietok (European Network for Rural Development) lau helburu ezarri zituen landa-eremuan 2040rako: landa-eremu indartsuagoak (komunitate ahaldunduak), konektatuak (digitala eta mugikortasuna), oparoak (jarduera ekonomiko iraunkorrak, jarduera ekonomikoen dibertsifikazioa nekazaritzako elikagaien eremutik harago) eta erresilienteak (klima-aldaketari eta gizarte-aldaketari begira). Marie Clotteauk (Euromontana) konektagarritasunaz eta mugikortasunaz hitz egin zuen, leku guztietan eta prezio onean izan behar dela azpimarratu du. Mugikortasuna funtsezkoa da landa-eremuetarako gaineratu zuen.
Rob Clarke eskoziarrak (Highlands & Islands Enterprise) azpimarratu zuen eremu deslokalizatuetan berrikuntza digitala lortzeko beharra dagoela, herrialde bateko gainerako eremuen aukera berberak izan ditzaten; Marc Ponsek (Andorra Innovation Hub), berriz, berrikuntzari lotutako turismoa izan zuen ardatz, digitalizazio-motor gisa. Europako blokea Stefano Sala italiarrak (Mendiko Unibertsitatea – UNIMONT) itxi zuen. Mendietako arazoak konpontzeko eta tokiko komunitateekin elkarlanean aritzeko lan egiten duen erakundeko ikasleak nola trebatzen dituzten azaldu zuen.