Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek dibulgazio jardunaldi batean hartu zuen parte gaur goizean. Jardunaldia Enkarterri Group-en hamargarren batzarraren esparruan antolatu zen eta Bizkaiko Balmaseda udalerrian egin zen. Bere parte-hartzean, Orozek Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Bioekonomiaren Proiektu Eragilearen ardatz nagusiak aurkeztu zituen. Proiektu horren helburua da Enkarterriko Eskualdeko Plan Estrategikoen (EPE) esparruan eremuko garapen sozioekonomikoari laguntzea.
Enkarterriko eskualdeko enpresa-elkarte bat da, eta 2010ean sortu zen
Orozek azpimarratu zuen Euskadik bi hamarkada baino gehiago daramatzala klima-aldaketarekin lotutako alderdiak lantzen, eta lan horren ondorio da Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan Estrategikoa 2021-2024, zeinak datozen urteetan jarraitu beharreko bidea ezartzen duen. Helburua da “Euskadi Europako hegoaldean eremu horietan erreferentziazko eskualde gisa kokatzea, ingurumena lehiakortasunaren, jasangarritasunaren eta enplegu-sorkuntzaren funtsezko faktore izan dadin”.
Plan orokorra da, eta “ekintzak ekonomiaren eta gizartearen eragile eraldatzaile ugari dituzten eskualdeetan gauzatu behar ditugu”, adierazi zuen Orozek. Zehazki, Enkarterrin printzipio horiek sustatzeko, zuzendaritza-batzorde bat abiarazi da eta hainbat lantalde sortu dira, proiektu industrialen garapenean, enplegu-sorkuntzan eta Basque Desing Centerren sustapenean adituak.
Aztertzen ari diren proiektu industrialen artean, aipagarriak dira zelulosaren ehun fabrikaziorako fabrika bat, ardi-artiletik eratorritako produktuak egiteko beste bat eta enbriogenesiaren (landareen ugalketa) I+G+b-rako beste bat.
Orozek, halaber, jardunaldiaren amaierako mahai-inguruan hartu zuen parte, eta bertan berriz adierazi nahi izan zuen oso garrantzitsua dela “bioekonomiaren trenera igotzea; izan ere, baliagarria izango da ingurumenaren zaintza bateratua eta landa-eremuen garapena bultzatzeko. Horretarako, lehen sektorean balio-kateak aktibatu eta gure enpresa ugariren dibertsifikazio adimenduna bultzatu behar da”. Azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak babesten duen ereduak “hainbat elementu ditu: ingurumenaren zaintza bermatu behar du, tokiko biomasaren erabilera bultzatu behar du eta basogintza izan behar du ardatz, ez soilik, baina bai lehentasunez”.
Jardunaldian honako hauek ere hartu zuten parte: Enkarterriko Mankomunitatearen presidente Martín Pérez Garmendia, Ekonomia Sustapeneko foru-diputatu Ainara Basurko, Enkarterri Groupeko presidente Andoni García Larrucea, eta Urbegi Taldeko bazkide Pablo Ocaña.
Enkarterri Group Enkarterriko eskualdeko enpresa-elkarte bat da, eta 2010ean sortu zen tokiko enpresa-talde baten ekimenez. Enpresa horiek, nahiz eta izaera eta enpresa-jarduera erabat desberdinak dituzten, gai dira beren baliabide, estrategia eta eskualde-kokapenarekin bat datozen izendatzaile komun ugari identifikatzeko.