Ospatu zen Bilbao Exhibition Centre-n World Maritime Week topaketa, foro berean honako sektore eta gai hauei buruzko bost nazioarteko kongresu biltzen dituena: ontzigintza (SINAVAL), arrantza (EUROFISHING), portua (FUTUREPORT), petrolioa eta gasa —bi alderditan—: Upstream eta Downstream (OIL & GAS CONFERENCE) eta Olatuen, Mareen eta Korronteen Energia (OCEAN ENERGY CONFERENCE).
Eusko Jaurlaritza klima-aldaketaren aurkako ekintzarako inbertsio publikoen plana amaitzen ari da
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak irekiera-ekitaldian hartu zuen parte, eta pozik agertu zen “ia bi urteren ondoren gure enpresa-sareari hainbeste aukera eskaintzen dizkioten hitzordu horiek berreskuratu daitezkeelako”.
“Azoka honek —esan zuen Tapiak— bakoitzaren errealitatetik urrun dauden baina hain preziatua eta maitatua den zerbait —itsasoa (lekuko gisa eta jarduera ekonomikorako potentzial gisa diharduen naturagunea)— partekatzen duten sektoreak barne hartzen ditu”.
Tapiak nabarmendu zuen itsasoak berebiziko garrantzia duela energia-trantsizioan eta trantsizio klimatikoan, “espezieen gehiegizko ustiapena saihestu behar delako, eta itsasoen eta ozeanoen garbitasuna ziurtatu behar delako, baita gure kostaldeko portuetan dikeen jarduketak ezarri behar direlako, eta off-shore plataforma eolikoen bidez eta itsasoko olatuen bidez energia berriztagarria sortu behar delako ere; eta hori guztia adimen artifizialeko teknologiekin gero eta erlazionatuagoak dauden garapen teknologiko berriei lotuta”.
Sailburuak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritza klima-aldaketaren aurkako ekintzarako inbertsio publikoen plana amaitzen ari da. “Portuetako eta itsasertzeko eremuetako jarduketez ari naiz; uholde-arriskuak saihesteko obrez, hondakinen kudeaketaz edo industria-prozesuetako sistema berriez, ekonomia zirkularrari eta bioekonomiari ere lotuta; lurzoruak deskontaminatzea, energia berriztagarriak sortzea eta abar dakarren guztiaz ari naiz”.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2022ko aurrekontuak lehentasuna emango dio industria suspertzeari eta bere lehiakortasuna hobetzeari, jasangarritasunaren eta klima-ekintzaren alde apustua eginez. “Klima-aldaketaren aurkako ekintza euskal industriarentzako aukera gisa hartzea nahi dugu”.