Eusko Jaurlaritzak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduaren bidez, 14,8 milioi euroko laguntzak onetsi ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorea babesteko. Laguntza horien helburu nagusia da teknologian, energia-eraginkortasunean eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarria eta berritzailea sustatzea.
Zenbatetsi da 9 milioi arrantza jasangarrira bideratuko direla, 3,8 ekoizpen- eta merkaturatze-neurrietara, eta gainerakoa akuikulturara
Honako hauek izan daitezke laguntzen onuradunak: diruz lagundu daitezkeen inbertsio eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, ondasun-erkidegoak, arrantza-erakunde profesionalak, arrantzaleen kofradiak eta haien federazioak, eta organismo zientifiko eta teknikoak.
Onetsitako laguntzetatik, zenbatetsi da 9 milioi arrantza jasangarrira bideratuko direla, 3,8 milioi ekoizpen- eta merkaturatze-plan eta -neurrietara, eta gainerakoa akuikulturara. Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak EAEko funtsetatik (3,7 milioi) eta FEMP Europako Itsas eta Arrantza Funtsetik (11,1 milioi) etorriko dira.
Laguntza-lerroak, besteak beste, honako eremu hauetara bideratuko dira: arrantza-berrikuntza; arrantza-sektoreko belaunaldien arteko erreleboa, osasuna eta segurtasuna arrantza-ontzietan edo norbanako ekipamenduetan egiten diren inbertsioetan; arrantzak itsas ingurunean duen inpaktua mugatzeko neurriak hartzea eta arrantza espezieak babesteko egokitzea; biodibertsitatea eta itsasoko ekosistemak babestea eta lehengoratzea; arrantza-jarduera jasangarrien esparruko konpentsazio-erregimenak; eta energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketa arintzea.