Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren agindua onetsi du. Horren bidez, bioekonomiako berrikuntza‑proiektuetarako laguntzen 2021erako deialdiaren oinarriak arautzen dira. Laguntza horiek hiru milioi euro baino gehiagokoak dira, eta helburu dute arlo horretan berrikuntzako lan frogagarriak eta lan‑pilotuak egitea sustatzea.
Garapen sozioekonomiko jasangarria lortzeko, baliabide naturalen erabilera efizientearen bidez.
Bioekonomia jasangarritasunaren kudeaketaren zientzia da. Horren helburua da garapen sozioekonomiko jasangarria lortzea, baliabide naturalen erabilera efizientearen bidez.
Euskadi jakitun da petrolioaren osteko garairako trantsizioa bizkortu egin behar duela, ekonomia zirkularrera gerturatzea sustatu, eta lehengai berriztagarri eta baliabide endogenoen erabilerari azkar ekin.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren programak gai horri zuzenean lotutako konpromiso batzuk hartzen ditu, esaterako, “Euskadi Europako hegoaldeko bioekonomiako interesgune bihurtzea” elikaduraren eta kostalde‑ eta landa‑garapenaren eremuetan. Bioekonomia zirkularrerantz bideratutako trantsizio hori, era berean, herrialdeko beste estrategia batzuei lotuta dago, besteak beste: Klima‑aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia, Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030, Egurraren Sektoreko Plan Estrategikoa, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programa eta ZTBP Euskadi 2030.
Laguntza‑lerroak
Bi ezarri dira:
•Proiektu pilotuen garapenerako, 1.588.852 eurorekin.
•Proiektu frogagarriak garatzeko, 1.489.548 eurorekin.
Onuradunak enpresak izango dira, horien tamaina edozein dela ere, eta diruz lagundu ahalko diren gastuak langileei, materialei edo azpiegiturei zein ikerketatik, ezagutzaren elkartruketik, eta abarretatik eratorritakoei dagozkienak izango dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/servicios/1083702