Xanty Elías sukaldari espainiarrak 2021eko Basque Culinary World Prize saria irabazi du haurren elikadura-hezkuntzan eragiteagatik. “Los niños se comen el futuro” ekimenaren bidez, lehen hezkuntzako ikastetxeetan Gastronomiaren Kultura irakasgaia sartzearen alde lan egiten du, ziur baitago garrantzitsua dela sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen inguruko kulturan heztea.
Andaluziako 80 ikastetxe inguruk dute Elíasen programa ezarrita
Prenauta Fundazioaren buru denez, Elíasek sukaldaritzaren sektorean turismoaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, baina, batez ere, haurren elikadura-hezkuntzan eragin nahi du. Izan ere, horrek ahalmen handia izan dezake osasun, kontsumo kontziente eta kultura-baldintza hobeak eskaintzeko sukaldaritzaren inguruan.
“Ez dago hezitzea baino osasuntsuagorik den ezer” lelopean, gaur egun Andaluziako 80 ikastetxe inguruk dute Elíasen programa ezarrita, lehen hezkuntzako 15.000 ikasle barne, eta baita zonalde kaltetuetako beste 25 bat eskola bekadunak ere. Aldi berean, 2021eko irailean Madrilgo 130 ikastetxe inguru jarriko dute martxan bere ekimena.
Gastronomia indar eraldatzailea da, baita testuinguru desafiatzaileenetan ere. Horregatik, Basque Culinary World Prizek behin eta berriz ospatu nahi du sektore horretako profesionalek aurrerapenak eta eraldaketak bultzatzeko tresna bihurtzen dutela gastronomia, berrikuntza sozialetik elikadura-hezkuntzaraino doazen eremuetan.
BCWPk irabazle bat eta bi aipamen berezi iragarri ditu. Hala, egungo erronkak ikusarazteko eta bikaintasunerako bokazioa duten sukaldari ekintzaileen profilak identifikatzeko interesa berretsi du, baita berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak ere, komunitatearekin konprometituta daudenak eta gastronomiak dakarren fenomeno inspiratzaile bezain kutsakor baten eredu direnak.
Horregatik, Xanty Eliaz gain, epaimahaiak beste bi sukaldarien lana saritu du, eta aipamen bereziak eman dizkie: Kia Damon-i (EEBB), ekitate-testuinguruen alde borrokatzeagatik, sektore honen aurpegia ematen duten erreferenteak dibertsifikatzeagatik eta normalean baztertutako taldeen talentua ikusarazteagatik, eta Ana Estrela-ri (BRASIL/ITALIA) sukaldaritzaren bidez pertsonak sozialki txertatzeagatik.
Prenauta Fundazioaren bidez martxan jarri duen kultura gastronomikoan hezitzeko ekimen aitzindariariaren bitartez, “Los Niños se Comen el Futuro”, kontsumitzaile kontzienteen belaunaldi berri bat sustatu du Xantyk, gazteei mesede egiteaz gain, gizartea bere osotasunean hunkitu ahal izateko. Dagoeneko Espainia eta nazioarte mailan saritua izan den programa berritzaile honek, “Kultura gastronomiko solidarioa” irakasgaia sustatzen du, Espainian elikadura osasungarrian hezteko gai gisa. Hala, haurrek eta senideek jakien garrantziaz eta mahai baten inguruan partekatzeko une bereziaz jabetzen dira, bai eta gure osasuna zaindu beharraz ere, Mediterraneoko dieta on batekiko atxikidura-maila berreskuratuz, elikagaietan balio solidarioak sustatzen dituen bitartean.
Saria jaso ostean, Xanty-k oso pozik eta eskertuta dagoela adierazi du BCWP-a jasotzeagatik, eta honakoa gaineratu du: “Gauza zoragarria da, eta errealitate bat da dagoeneko gastronomiak eta sukaldariek gizartea etorkizun hobeagorantz eboluzionatu dezakegula; kultura gastronomikoak balio erreala izan dezake irakaskuntzaren hasieratik. “Los niños se comen el futuro“ ekimena etorkizuneko kontsumitzaileei ezagutza partekatzeko beharretik sortzen da, ikastetxeetan irakatsiko den ikasgai baten bidez, kontzientzia eta ohitura hobeak sortzen lagunduz. Haurra izanda, kontzientzia elikatzea da etorkizun osasuntsuago eta jasangarriagoaren oinarria.”