Food 4 Future Nazioarteko Kongresua erakuslehio aparta izan zen Hazi, Neiker Zentro Teknolgikoa eta Elika fundazioa Euskadiko nekazaritzaren, elikagaien eta zuraren sektorearen digitalizazioaren, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan garatzen ari diren proiektuen berri emateko.
Food 4 Future industriatik eta industriarako diseinatutako topaketa bat zen
Nazioarteko hitzorduak 5.000 bisitari baino gehiago eta 200 enpresa erakusketari bildu zituzten ekainaren 15etik 17ra Bilbao Exhibition Centren (BEC), foodtecheko, robotikako eta automatizazioko azken soluzioak, elikagaien segurtasunekoak eta elikagaien industriako segmentu guztietarako prozesatze eta ontziratze tekniketakoak aurkezteko.
Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, inaugurazio hitzaldian azpimarratu zuenez, “Euskadik ondo lerrokatutako ekosistema du, elikagaien industriak osasunaren, baliabideen kontserbazioaren eta iraunkortasunaren arloan dituen erronkei erantzun berritzaileak emateko. “The Food Global Ecosystem” da; 60 enpresak baino gehiagok osatutako proiektu publiko-pribatu bat da, eta proiektu horrekin Euskadik nekazaritzako elikagaien arloko alderdi teknologikoetako (agritech, foodtech eta gastronomytech) berrikuntza proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak erakarri nahi ditu”.
Food 4 Future industriatik eta industriarako diseinatutako topaketa bat zen, hainbat herrialdetako 170 enpresa erakunderen baino gehiagoren babesa zuena. Sektoreko 5.000 profesional bildu zituzten, 20 herrialde baino gehiagotatik etorriak. Nazioarteko kongresua elikagaien industriako eta haren balio kateko edozein profesionalentzako urteroko plataforma eta topaketa izan zen. Bertan, elikagai industriaren eraldaketa bultzatzen ari diren azken berrikuntzak eta joerak ezagutu ahal izan ziren, hala nola: 4.0 teknologiak, elikadura osasungarriarekiko kezka, elikagai jasangarrien eta eraginkorren ekoizpena, edo klima aldaketaren aurkako borroka.
Neiker nekazaritza ikerketako zentroak hainbat hitzaldi eman zituzten, nekazaritzako elikagaien sektore jasangarriago eta lehiakorrago bat bultzatzeko nekazaritza ikerkuntzaren arloan egiten duen lana ezagutarazteko. Besteak beste, honako gai hauek landu ziren: intsektuekin egindako pentsuen garapena; animalien ongizatearen Welfair zigilua, Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologien Institutuarekin (IRTA) batera diseinatua; edo nekazaritzan ongarrien erabilera optimizatzeko abian jarri dituzten Big Data eta Adimen Artifizialaren saiakeren adibideak.
Elika fundazioak nutrizio etiketen egungo egoerari buruzko hitzaldia eman zuen eta Elikagaien Xahuketaren Aurkako Plataformaren barruko “Janaria ez da botatzen” kanpaina aurkeztu zuen.
Biltzarraren hiru egunetan, Hazik Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio katean egiten ari diren esperientzia berritzaileen berri eman zuen bere standean. Espazioa hiru gunetan banatuta zegoen, gaien arabera: trazabilitatea/segurtasuna, teledetekzioa eta jasangarritasuna/bizi kalitatea/prozesuen hobekuntza.