Euskadiko abeltzaintza-sektorea une zailean dago gaur egun, ekoizpen jasangarriagoa eskatzen duen aldaketa globalaren testuinguruan. Alde batetik, argudiatzen da abeltzaintza-sistemak berotegi-efektuko gasen ehuneko esanguratsu baten erantzule direla, batez ere animalia hausnarkariek eragindako jatorri enterikoko metanoaren emisioaren erantzule. Bestalde, animalia-jatorriko elikagaiak kontsumitzeko joerek abeltzaintzako ustiategi askoren errentagarritasuna eta iraunkortasuna baldintzatzen dute. Hala ere, ezin da alde batera utzi artzaintza-sistemek ekosistemetarako zerbitzu ugari sortzeko duten funtsezko eginkizuna, bai eta guztion onerako egiten dituzten ekarpenak ere.
Abeltzaintzaren sektoreari estrategia iraunkorragoak eskaintzeko asmoz, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, “Abeltzaintzaren zeregina aldaketa globalaren testuinguruan: erronkak eta perspektibak” online ikastaroa antolatu du, uztailaren 1ean eta 2an, EHUko Udako Ikastaroen esparruan.
Ikastaroak iraungo duen bi jardunaldietan gai hauek aztertu dira: berotegi-efektuko gasen isurketa, artzaintza birsortzailea, minda edo elikadura maneiatzeko estrategiak, klimaren arintzera eta are neutraltasunera bideratuak, artzaintza-sistemek ingurumenerako dituzten onurak, eta iraunkortasuna hobetzeko politiken diseinua. Horrez gain, abeltzaintza eta ekimen berritzaileen testigantzak ere izan dira, protagonisten eskutik.
Roberto J. Ruiz Santos NEIKEReko Animalien Ekoizpen Saileko buru eta ekimen honen arduradunak azaldu duenez, “Ikastaro hau aukera paregabea da abeltzaintzak aldaketa globalari egiten dion ekarpenarekin lotutako hainbat alderdi ezagutzeko, bai eta abeltzaintzaren ingurumen-inpaktua arintzea ahalbidetuko duten hainbat estrategia berritzaile ikasteko ere, ondorio positiboak ere sortuz”. Era berean, animalia-jatorriko elikagaien kontsumoan dauden zenbait joera aztertuko dira, bai eta abeltzaintza-sistemen iraunkortasuna eta kontsumitzaileen osasuna hobetzeko duten ahalmena ere, horiek interesgarriak baitira bai sektoreko profesionalentzat bai publiko orokorrarentzat.
Ikastaroak Nazio Batuen Erakundeak 2030erako agendan ezarri dituen Garapen Iraunkorreko Helburuetako hirutan eragiten du: ekoizpen eta kontsumo arduratsua, klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemen bizitza.
Nekazaritza-ekoizpenaren ikuspegi berrietara bideratutako udako ikastaro hau online formatuan egin da, zuzenean, ZOOM plataformaren bidez..