Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia elkarlanean ari dira “The World’s 50 Best Restaurants” proiektua antolatzen, gastronomiaren alorreko hurrengo belaunaldiko liderrak identifikatzea xede duen 50 Next proiektuaren esparruan.
Euskadiko hiru talentudun gazte barne hartzen dituen 50 Nexten lehen zerrenda nazioartera atera ondorik, aurrez aurreko ekitaldi bat egingo da Bizkaian 2022. urtean.
50 NEXT zerrenda 20 eta 35 urte bitarteko 34 herrialdetako 24 emakumek eta 19 gizonek osatzen dute
50 NEXT zerrendaren lehen edizioa jarri dute abian nazioartean, gastronomiaren sektoreko hurrengo belaunaldiko talentu gazteak identifikatzea helburu duen proiektua. Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia lankidetzan ari dira berriz ere “The World’s 50 Best Restaurants” izeneko jardunaldia antolatzeko, Euskadi nazioarteko panorama gastronomikoaren abangoardian kokatzeko.
50 NEXT zerrenda 20 eta 35 urte bitarteko 34 herrialdetako 24 emakumek eta 19 gizonek osatzen dute. Horien artean, Euskadiko hiru talentu gazte daude: Donostiako Ion eta Mikel Zapiain anaiak, sagardoaren sektorea berritu dutenak; eta Sodupeko Maitane Alonso, elikagaiak kontserbatzeko makina bat asmatu duena, eta 20 urterekin zerrendako gazteena.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, parte hartu zuen 50 NEXT-en aurkezpenean, Bizkaiko Sustapen Ekonomikoaren arloko diputatu Ainara Basurkorekin, 50 Best-eko edukien zuzendari William Drewrekin eta proiektuaren arduradun Laura Price eta zerrendako bi euskal talentu, Maitane Alonso eta Mikel Zapiainekin batera.
Oroz sailburuordeak azpimarratu zuen Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa da ekitaldi horretan batera parte hartzea, “50 NEXTek berriro jarriko ditu Euskadi eta Bizkaia nazioarteko panorama gastronomikoaren erdigunean, eta bertan bilduko dira hurrengo belaunaldiko lider izango diren talentu gazteak, bai eta munduko chef onenetako batzuk eta arlo guztietako gastronomiako profesionalak ere”.
Proiektua Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan kokatzen da, eta euskal gizarteak partekatzen dituen balioak ditu xede, hala nola esfortzuaren kultura, konpromisoa, hobera egiteko gaitasuna, bokazio berritzaile eta lehiakorra, eta emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna esparru globalean. “Horrela jarraituko dugu ekosistema lehiakorra indartzen, gure nortasun kulturala sendotzen eta herri txiki hau gastroelikaduraren arloan abangoardian mantentzen” – esan zuen Orozek.
50 NEXT jaialdiaren antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste dute datorren urtean ekitaldi handi hori egitea posible izango dela. Ekitaldi horretan, hurrengo belaunaldiko lider izateko deia egin duten talentu gazteak, munduko sukaldari onenetako batzuk eta esparru guztietako gastronomia-arloko profesionalak bilduko dira.