Mahatsondoaren dibertsitate genetikoaren kontserbazioa, ongarritzea eta landare estalkien erabilera dira NEIKER aztertzen ari den alderdietako batzuk, VITISAD proiektuaren esparruan (Interreg-POCTEFA), klima aldaketaren aurrean ardoen kalitatea mantentzeko eta etorkizuneko baldintza klimatiko horiek ingurumenean eragingo lituzketen arriskuak saihesteko.
Lana NEIKERek koordinatzen duen VITISAD proiektuaren barruan kokatzen da
Klima aldaketaren ondorioetako bat tenperatura igotzea da, eta horrek dakar mahatsa sasoi epelago batean heltzea eta, beraz, bere ezaugarri kualitatibo batzuk aldatzea, hala nola kolorea edo azidotasuna. Horrez gain, euri jasak ugaritzea ere aurreikusten da, eta horrekin, higaduraren ondorioz, lurzorua galtzeko arrisku handiagoa egon daiteke. Horregatik, funtsezkoa da egoera posible horiei aurrea hartzea eta baldintza berrietara egokitutako konponbideak izatea. Horretarako, hainbat teknika agronomiko erabili daitezke, hala nola proiektu honetan ebaluatzea proposatzen direnak, mahastia egoera berrietara egokitzeko eta mahatsaren kalitatea mantentzeko.
Proiektuak 32 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da, eta Europako hego-mendebaldeko mahastizaintza eta ardogintza ikertzen diharduten 5 bazkidek osatzen dute: NEIKER, koordinatzaile lanetan, Errioxako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera eta IFV (Frantziako Mahastiaren eta Ardoaren Institutua). Mugaz gaindiko lankidetzaren oinarrian daude Europako hego-mendebaldeko mahastietan klima aldaketara egokitzeko estrategia desberdinen inguruko bost praktikari buruzko esperimentazioa, ebaluazio bateratua eta esperientzien trukea.
Horrenbestez, proiektuaren bazkideak landare estalkia jartzea aztertzen ari dira, lurzorua mantentzeko sistema gisa, higadurari aurre egiteko, lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta anduiaren osagai begetatiboa eta produktiboa orekatzeko. Ureztatzeko ura eraginkortasunez erabiltzeko praktikak egiten ari dira, hainbat teknika erabiliz (aireko tanta jarioa, lurpeko tanta jarioa eta azaleko ureztatzea), eta teknika horiek landare estalkiak erabiltzearekin ere lotzen dira.
Beste azterlan bat mulkoaren tenperatura murrizteari eta heltze garaia kontrolatzeari lotuta dago, partzelen topografia aztertuz eta mahatsondoak itzaltzeko sareak instalatuz. Halaber, ongarri organikoak aplikatuz ere esperimentatzen ari dira, lurzoruan karbonoaren eta nutrienteen biltegiratzea areagotzeko.
VITISADek mahastiaren aldakortasun genetikoa ere aztertzen eta sailkatzen du, hala nola, antzinako barietateak, erresistenteak eta heltze berantiarrekoak, klonen aniztasuna, txertakak eta abar, arreta berezia jarriz klima aldaketara egokitu daitekeen materialari.
Mahastizain eta upategientzako prestakuntza eta laguntza
Proiektuak, halaber, mahastizain eta upategiei prestakuntza eta laguntza ematea aurreikusten du, praktika horiek erabiltzeko eta barneratzeko. Talde pilotuak upeltegietako 20 mahastizain eta mahastizaintzako teknikarik osatutako sare batekin eratuko dira, zeinek, proiektuan esperimentatu diren praktiketatik abiatuta, euren laborantza praktikak aldatzea erabaki baitute, sektorearen kezkak jaso eta lortutako emaitzak partekatzeko.
Dagoeneko 30 partzela pilotu garatzen ari dira Frantzia eta Espainiako mahasti komertzialetan: landare estalkien teknikak erabiltzea, hainbat gramineo eta leguminoso landaketaren lerroan zein kalean kokatuta; kimatzeko data desberdinak probatzea, mahastiaren zikloan duen eragina erakusteko; nekazaritzako makineria gutxiago erabiltzea eta aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa kalkulatzea; antzinako mahastiak kontserbatzea eta landare material interesgarria ugaltzea, hautapen basalak eta sanitarioak eginez.
Aurreikusita dago proiektuaren emaitzak sindikatuekin, elkarte profesionalekin eta eskualdeetako administrazioekin partekatzea, klima aldaketari aurre egiteko etorkizuneko estrategia eta kudeaketa politikak ezartzen laguntzeko. Berez, 2020an 100 ardo inguru ekoitzi dira praktika horiekin.
Interreg-POCTEFA programa
VITISAD proiektuak 657.587 euroko aurrekontua du, eta %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatu du (FEDER), Espainia-Frantzia-Andorra arteko Interreg V-A Progamaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra arteko mugako aldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuak landuz.