Europako Dairy4Future proiektuak (www.dairy4future.eu), NEIKERek eta Axencia Galega de Calidade Alimentariak (Agacal) antolatutako azken workshopean, esne behien sektorearen alderdi ekonomikoak eta ingurumenekoak aztertu ditu, bereziki azpimarratuz animalien nutrizioa, ustiategien jasangarritasunaren esparruan. Proiektuan esnetarako behien ustiategien erronka nagusitzat identifikatu dira kostuen kudeaketa, merkatura egokitzea eta ingurumen inpaktua.
Workshopean esne ekoizpenaren egungo testuingurua azaldu zen. Alde batetik, egiaztatu zen munduan gero eta biztanle gehiago egotea nazioarteko merkatuen motor bihurtu dela, elikagaien eskaria handiagoa ase behar den heinean. Munduko eskari handiago hori ez dator bat Europan 2040-2100 aldirako aurreikusitako biztanleriaren pixkanakako zahartzearekin, eta horrek etorkizunean kontsumitzaile ugariren per capita errenta mugatzea eragin dezake. Estatu mailan, etxean esnearen eta esnekien kontsumoa murriztu egin dela baieztatu da, nahiz eta pandemiaren egungo egoeran lehen sektorea gai izan den gizartearen beharrei erantzuteko.
Kostuen kudeaketa
Esnekien merkatuaren perspektibei buruzko txostenaren barruan, ustiategietako kostuen kudeaketak duen garrantzia nabarmendu zen, ekoizleari onura txikiagoa ekar diezaioketen prezioen aldakortasuna arintzeko mekanismo gisa. Balio kateari dagokionez, azpimarratu zen beharrezkoa dela ekoizpenaren eta transformazioaren arteko harreman egonkorrak eraikitzea eta finkatzea.
Merkatura egokitzeko berrikuntza
Dairy4Futureren workshopean agerian geratu zen industria prozesatzaileek eta abeltzaintzaren sektoreak berrikuntzak egiten dituztela esneari balio erantsia emateko, merkatuaren eskaerei erantzunak eskainiz. Merkatuak, hainbat eskalatan berritzeko motorra izateaz gain, ekoizpen sistemen jasangarritasun alderdiak ere aztertzen ditu.
Horrek aukera ematen dio sektoreari egiten dituen zerbitzuak gizarteari ezagutarazteko, elikagaiak eta produktu eratorriak ekoiztetik haratago (larrua, ongarriak, beste sektore batzuetarako koproduktuak), esaterako, landa eremuaren dinamizazioa, ondare kulturalaren babesa, paisaia eta biodibertsitatea mantentzea, etab.
Esne sektorearen ingurumen inpaktua
Zerbitzu horietako batzuek, gainera, eragina dute ustiategiaren errendimenduan, eta karbono aztarna gutxiago sortzen dute (energia efizientzia handiagoa, proteina eta zuntz iturri lokalak erabiltzea, animalien gorotza ongarri moduan erabiltzea, lurreko karbonoaren stocka handitzea, karbono aztarna murriztea, etab.). Hainbat eragile, prozesadoreak barne, jabetuta daude esne sektorearen jasangarritasunak merkatuetan duen eraginaz, eta ingurumen inpaktua baloratzeko tresnak barneratzen ari dira.
Karbono aztarna da BZA metodologian (Bizi Zikloaren Azterketa) klimari lotuta kalkulatzen diren inpaktuetako bat. Ustiategiko eskalan, bizi zikloaren azterketak esnea baserritik ateratzen den unera arteko prozesuen inpaktua ebaluatzen du, hala nola kontzentratuen ekoizpena, bazka, oheko materiala eta animaliak erosi eta haztea.
Karbono aztarna azaltzen duten esne behien igorpen nagusiak dira hartzidura enterikoa, kontzentratuen erosketa eta gorozkien kudeaketa. Hainbat ponentziaren bidez, karbono aztarna arintzeko eta murrizteko aukerak eskaini ziren.
Horrenbestez, bazka laboreak maneiatuz arintzeko aukerak aztertu ziren, abeltzainaren esku dauden aukerak kontuan hartuta (artoaren siloa, lekadunak, etab.). Horri lotutako beste parametro batzuen garrantzia ere aipatu zen, hala nola birjarpen tasaren doikuntza, ugalkortasun indizeak, animalien osasuna eta ongizatea eta erditzeen arteko tarteak; horiek guztiak karbono aztarnari eta ustiategietako errendimenduari lotuta. Hainbat maneiuri buruzko emaitzak aurkeztu ziren, baita ingurumen karga handieneko osagaiak ordezteari buruzkoak ere, horien artean egonik soja tokiko osagaiekin ordeztea, esaterako, ekoizpen lokaleko koltza irinarekin.
Dairy4Future proiektuari buruz
Dairy-4-Future proiektua Interreg Eremu Atlantikoaren programak finantzatzen du, eta eremu atlantikoan esne behiak ekoizteko sistemen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta erresilientzia hobetzea du helburu. Helburua da esnetarako behien abeltzaintzari lotutako jardunbide berritzaileak identifikatzea, ebaluatzea eta Europa mailako teknikariei eta abeltzainei transferitzea. Horretarako, mintegi transnazionalak egingo dira, ate irekien jardunaldiak baserrietan, eta tresna teknikoen aurkezpenak: argitalpenak, bideoak, prestakuntza ikastaroak…
Dairy4Futurek funtsezko lau alderdi ditu ardatz: eremu atlantikoan esnetarako behi azienden sektorearen indarguneak eta ahulguneak aztertzea, horren erresilientzia ekonomikoa sustatzea, baliabideen erabileraren efizientzia hobetzea, eta etorkizunera begira esnetarako behi azienden abeltzaintza sistema jasangarriak aurkitzea.
Proiektuak abeltzain berritzaileak jartzen ditu ikerketaren lan praktikoaren funtsezko pieza gisa, eta hainbat metodo uztartzen ditu (AMIA analisia, ikerketa jarduerak, simulazio ekonomikoak…), ezagutza zientifikoa egokitzeko eta garatzeko. Horrekin, irtenbide teknikoak eta gomendioak lortu nahi dira, parte hartzaileen artean partekatzeko.
Eskualde arteko Dairy-4-Future proiektuan 5 herrialdek parte hartzen dute (Irlanda, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia eta Portugal), eta, guztira, Eskoziatik Azore uharteetara, Atlantikoko 12 eskualde hartzen ditu. Oro har, Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako esne ekoizpenaren %20 egiten dute, 100.000 abeltzain dira, eta esne ekoizpeneko sistema ugari lantzen dituzte.
11 bazkide tekniko eta 21 kolaboratzailerekin, Dairy-4-Futurek sare zientifiko eta tekniko sendo batean bermatzen da, 10 granja esperimentalekin eta 100 granja piloturekin.
Informazio gehiago: www.dairy4future.eu