Eusko Jaurlaritzaren menpeko ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak dohaintzak egiteko eta elikadura- segurtasuna bermatuz soberakinak kudeatzeko gidalerroen gidaren idazketa koordinatu du, zeinetan Osasun Sailak, Euskadiko hiru hiriburuetako osasun- zerbitzuek eta elikadura-sektoreko enpresek (Ausolagun, Oreka eta Amatemann) hartu duten parte.
Gidaren diseinua Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Estrategiaren parte da
Gida honek orientaziorako tresna izan nahi du, ekidin ezin izan diren eta kontsumitu daitezkeen elikagaien soberakinak aprobetxatzeko eta horien beharra duten pertsonengana iristeko. Elikagaiak dohaintza-emaileen eta hartzaileen artean banatzeko lan hori modu egokian egiten ez bada, arazo legalak eta kontsumitzaileen osasunerako arriskuak sortu daitezke; horregatik da hain garrantzitsua gida hau.
Xahuketaren aurkako Euskadiko Estrategia
Gidaren diseinua Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Estrategiaren parte da (www.zerodespilfarro.eus), eta Elika Fundazioa ari da zuzentzen horren diseinua eta ezarpena. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzak datozen urteei begira egin duen apustuetako bat da, eta helburua da elikagaien xahuketa % 50ean murriztea Euskadin.
Hori garatzeko, hainbat lantalde sortu ziren, horien artean elikagaien dohaintzara bideratutakoa. Aztertutako errealitateak, Europako instantziek emandako gidalerro eta orientazioak eta indarreko elikadura-segurtasunari buruzko araudia kontuan hartuta, talde horrek gida hau planteatu du jardunbide egokien tresna
gisa, ahalik eta elikagaien soberakin gutxienak sortzeko eta kontsumorako egokiak direnak onuradunengana heltzeko, nagusiki gizarte-erakundeen bitartez.
Beraz, egun dauden soberakinen dohaintzaren kasuistikak kontuan hartuta, eskuliburu honek dohaintza elikadura-segurtasuna bermatuz egiteko beharrezko eskakizun higieniko-sanitario guztiak jasotzen ditu.
Halaber, gida honek elikakateko eragileei lagunduko die elikagaien soberakinen dohaintzak egiten, euren soberakinak modu altruistan eman nahi badituzte (lehen mailako ekoizpenetik hasi eta txikizkako saltokietara edo ostalaritza- sektoreko enpresetara).
Elikagaien soberakinak amaitutako elikadura-produktuak (haragi freskoa, fruta, barazkiak eta prestatutako janaria), partzialki formulatutako produktuak edo elikagaien osagaiak izan daitezke. Arrazoi batengatik edo gehiagorengatik kontsumitu ez diren eta kontsumorako egokiak diren elikagaiak dira. Elikakatearen edozein fasetan ekoitzi daitezkeen produktu horiek soilik gizakien kontsumorako banatu ahal dira, horretarako egokiak badira eta elikadura- segurtasunaren baldintza guztiak betetzen badituzte.
Elikagaien xahuketa munduan
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) adierazi du munduak ekoizten diren elikagaien herena xahutzen direla edo ez direla elikagai gisa erabiltzen. Elikagai horiek ekoizteak dakarren eragin ekonomiko eta soziala eta baliabide naturalen xahuketa (berotegi-efektuko gasak, aztarna hidrikoa, ekoizpenerako lurzorua aldatu edo degradatzea, etab.) oso handiak dira, eta gizarteak ezin du hori bere gain hartu.
Euskadin, zenbatesten da xahututako elikagaiek 350.000 tona gainditzen dituztela urtean. Zati handiena (% 53) etxeetan sortzen da, eta ondoren industria eraldatzailean (% 19) eta ostalaritzan (% 12). Lehen sektoreko xahuketak guztizkoaren % 11 hartzen du. Horregatik da hain garrantzitsua amaierako kontsumitzaileak kontzientziatzea arazo horren inguruan.
Elikagaien xahuketaren aurkako borrokaren lehen helburua prebentzioa da; horretarako, elikadura-enpresek elikagaien soberakinak murriztuko dituzten jardunbideak jarri behar dituzte abian. Hala ere, sortzen direnean, dohaintza da horiek bideratzeko aukerarik onena.
Beraz, lehen mailako ekoizpenetik hasita, elikagaien fabrikatzaileek, elikagaiak banatzen dituzten kate handiek eta txikizkako saltokiek nahiz jatetxeek hartzen dute parte elikagaien dohaintzan. Bakoitzak, ekoizpen-eskalan
duten posiziotik, euren soberakinak bidaltzen dituzte elikagaien bankuetara eta ongintzako erakundeetara, eta haiek elikagai horiek jasoko dituzten pertsonei ematen dizkiete.
Araudiaren egoera Euskadin
Euskadin hainbat planen bitartez jorratu dira iraunkortasuna eta elikagaien xahuketaren aurkako borroka, besteak beste hauek:
Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa, zeinaren helburua den Euskadiko elikaduran eta gastronomian aurrera egitea, lau ardatz hauekin: segurtasuna, osasuna, berezitasuna eta iraunkortasuna (soziala, kulturala, ekonomikoa eta ingurumenari dagokiona).
Ingurumenaren IV. Esparru Programa 2020, zeinak Eusko Jaurlaritzaren sailen ingurumen-politikak biltzen dituen; bertan, elikadura zirkularra definitu da lehentasunezko alor gisa. Helburua da elikaduraren balio-katearen ziklo osoa aprobetxatzea, ekoizpenetik elikagaien eraldaketa eta salmentara arte, azpiproduktu eta hondakinen berrerabiltzea eta balorizazioa barne.
EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020. Plan horrek ekoizpen-prozesu efiziente eta iraunkorragoetara eboluzionatzeko konpromisoa hartzen du, produktua sortzen denetik (ekodiseinua) hondakinetan dauden baliabide material eta energetiko guztiak oso-osorik berreskuratzen diren arte; izan ere, gaur egun horiek ez dira berreskuratzen, hainbat arrazoirengatik.