Labean proiektuak dagoeneko hautatu ditu Arabako Enkarterri, Arabako Mendialdea eta Añana eskualdeetan abian jarriko diren berrikuntza sozialeko lehen bost proiektuak.
Kuartangoko bainuetxe zaharrean egin zen Labean Sarriak lehiaketan saritu zituzten proposamenak, eta bertan izan zen Jone Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Inguruko eta Europar politiketako zuzendaria.
Bost proiektuak azaroaren erdialdean inkubazio-prozesu bati ekingo diote
Jone Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Inguruneko zuzendariak, sariak banatzeaz arduratu zenak, proiektu irabazleak zoriondu zituen “landa-ingurunea bizirik mantentzeko duzuen espiritu ekintzaileagatik”, eta, aldi berean, “Labean proiektua gauzatzen ari dela ikusteak ilusioz betetzen duela” adierazi zuen. Fernandezek “lankidetza publiko-pribatua” azpimarratu zuen, eta proposamenak martxan jartzeko “tresnak” egongo direla iragarri zuen.
Bost proiektuak azaroaren erdialdean inkubazio-prozesu bati ekingo diote, eta, horren bidez, ideia gauzatu eta beren udalerrietan martxan jarri ahal izango da. Lehiaketara Arabako hiru eskualdeetako bederatzi proposamen aurkeztu ziren, eremu pribatukoak zein publikokoak.
Arabako Mendialdetik, eremu publikotik, Arraia-Maeztuko Udalak aurkeztutako coworking zentroaren proiektuak jaso zuen saria. Zentroak coworking gunea, eskualdeko produktuen denda, tokiko produktuen dastaketak eta erakusketak egiteko sukaldea eta atsedenerako gune berdea izango ditu.
Arraia-Maeztuko proiektuak, gainera, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeagatik sari berezia jaso zuen.
Eremu pribatutik, Arabako Mendialdean, Thusia Fikzio Kooperatibak aurkeztutako Poblarte proposamena saritu zen. Proposamenak landa-ingurunearen irudia aldatu nahi du, antzezlan ibiltari bat eta eskualdeko irrati-kate bat muntatu eta antzeztuz.
Añanako eskualdetik, eremu publikotik, Lasierrako Administrazio Batzarrak aurkeztutako Jalasierra energia-komunitatea saritu zen. Komunitateak autokontsumorako plaka fotovoltaikoak instalatzea aurreikusten du, zero kilometroko energia berriztagarria sortzeko, energia aurrezteko eta autogestio gehiago izateko.
Esparru pribatutik, Añanan Patxi Mirandak aurkeztutako Kudea Go proiektuak jaso zuen saria. Landa-eremuko elkarlaneko mugikortasunerako pentsatutako plataforma da, eta autoz bidaiatzen dutenen eta leku berera bidaiatu behar dutenen arteko topaketa bultzatzea du helburu.
Enkarterrin, Zallako Udalak Arangurenen irekitzeko proposatu duen kultur espazioa saritu zuten; izan ere, artista gazteak elkartzeko eta harremanetan jartzeko aukera izan nahi du, ikasteko eta trebatzeko gunea. Era berean, espazioa trukerako leku gisa planteatzen da, non eskualdeko eta ingurune desberdinetako beste artista batzuekin harremanak izateko aukera izango duten.