“Eta orain zer? Nola gauzatu Euskadiko edari sektorearen estrategia krisiaren ondoren” izeneko ikastaroa egin da Villa Luciako Gastronomia Gunean, Guardian. EHUren Uda Ikastaroen XXXIX. edizioaren barruan eta HAZIk antolatuta, jardunaldi honekin gogoeta egin ahal izan da COVID-19aren krisiaren ondorioz HORECA kanala itxita egon den bitartean bertako edarien kontsumoak izan duen portaeraz, eta etorkizunari begira ondorioak atera.
Hasteko, espero da aurten euskal upategien fakturazioak %50 inguru behera egitea; horrek erakusten du zer-nolako mendekotasuna duten euskal upategiek HORECA kanalarekiko beren produktuak merkaturatzeko. Egoera hori arintzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza finantzario jarri ditu martxan, ARDOA Basque Wine Officeren bitartez gestionatuta, izan ere, ARDOA da Euskadiko edarien industria babesteko eta haren lehiakortasuna bultzatzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak sortu duen bulegoa. Gainera, eta gaur goizean Guardian egin den ikastaroan ikusi den moduan, hobekuntzarako bide luzea duten beste merkaturatze kanal batzuk sustatu behar dira, esaterako, online salmenta.
Vicente Pinillak, Zaragozako Unibertsitateko ekonomia katedradunak eta EUAWEko kideak (Ardoaren Ekonomialarien Europako Elkartea), COVID-19aren pandemia aldian ardoaren kontsumoak izan duen portaeraren erradiografia egin du. Adituaren esanetan, edari horrek, HORECA kanalaren itxieraren ondorioz galera handiak eduki baditu ere, beste edari batzuek baino hobeto gainditu du egoera, “harreman sozialekin duen lotura beste edari batzuena baino txikiagoa baita, eta jakiekin uztartzearekin lotura handiagoa duelako”. Bere iritziz, merkatu hau kontuan hartu beharreko eta landu beharreko merkatua da, etorkizunean antzeko egoerak gertatu daitezkeela ikusita: “Une hauetan, gainera, kontsumitzaileak bertako produktua laguntzeko prestuago daude”.
Kontsumitzaile horiei dagokienez, Iosu Gallegok, Ikerfelekoak, azterketa baten emaitzak erakutsi ditu, non ikusten baita adinduenak direla ardoa gehien baloratzen dutenak, eta horrek merkatuaren galerari begira dakarren arazoa ere azaldu du. Horregatik, esan du ardoaz bestelako edariak aukeratzen dituzten gazteengana hurbildu behar dela ardoaren mundua. Gainera, gazte horiek internet bidez erostera ohituago daude eta erosketa kanal horrek etorkizuna esan nahi du.
Maite Corsinek, Moving Wines aholkularitzakoak, edarien enpresa ekoizleen eta ostalaritzaren arteko sinbiosiaz hitz egin du. “Une hauetan, biak ari dira krisiaren ondorioak pairatzen, eta biek dituzte beren esku elkarri laguntzeko aukerak. Ostalaritza da produktuak iragartzeko erakusleihorik hoberena, eta edariak dira ostalaritzari etekin marjinarik handiena uzten diotenak”.
Merkaturatzeko forma berriei dagokienez, Julio Palominok, marketin digitaleko aholkulariak, esan du COVID-19ak mundu digitala, bideokonferentziak eta harreman teknologikoak barneratzea ekarri duela, eta negozio forma berri baterako aurrera pauso bat egiteko bultzada eman digula. “Erosten digunarengan pentsatu behar dugu, produktuan baino gehiago. Nor den jakin behar dugu eta haren fidelizazioa lortu behar dugu. Gure bezeroen fitxategian dago gure negozioa”.
Horrekin guztiarekin, ikastaroak aukera eman digu edarien munduaren etorkizuna hainbat ikuspegitatik eta hainbat eremutatik ikusteko eta egun, fakturazioa galtzen ari garen garai honetan, egoera hori konpontzeko eta krisi unetan saltzeko modu berriak bilatzeko oinarriak finkatzeko.