AZTI Itsas katean eta elikaduran espezializatutako teknologia-zentroa eta HAZI Fundazioa mintegi batzuk antolatzen ari dira on line (webinars), sektore horretako enpresei aholku emateko eta konponbideak eskaintzeko, COVID 19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz duten etorkizunari begira.
AZTIk elikagaien sektorearekin lotutako ordezkari eta erakunde garrantzitsuen lankidetza du, eta sareko mintegien programa bat antolatu du. Programa hori maiatzeko ostegun guztietan izango da, 10:00etan, eta doakoa da AZTIren webgunearen bidez izena ematea.
Maiatzerako, entitateak gai hauek lehenetsi ditu: elikadura-enpresaren likidezia eta finantzaketa kudeatzeko formulak; HORECA sektorearen berreskurapenaren erronkak eta desafioak; e-commerce-aren garrantzia, eta elikagai-enpresen digitalizazioari aurre egiteko gakoak, hornidura-katetik hasi eta kontsumitzaileekiko konexioraino. Programa osoa kontsultatzeko eta inskripzioak egiteko, webgune honetara jo daiteke: https://www.azti.es/eventos/
HAZI Fundazioari dagokionez, zenbait gairi buruzko on-line saioak jarri ditu abian, Euskadiko elikaduraren eta gastronomiaren katea osatzen duten eragileen interesekoak izan daitezkeenak. Saio horien bidez, enpresa-kudeaketan laguntzeko tresnak eta jarraibideak eskaini nahi dira, posizionamenduarekin, kanal berriekin, merkaturatzearekin, merkatuko joerekin edo kontsumoarekin lotutako eskaintza eta eskaria oinarri hartuta. Halaber, landa garapenaren arloko joerak, egokitzapena eta aukerak ere aztertuko dira.