Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Xabier Mutuberria Oronako Zuzendari Nagusiarekin batera, JAKIORO ekimena aurkeztu zuen, baserriko produktuetan oinarrituz, eta helburua du nekazaritzako soberakinaren zati bat bildu, prestatutako janari bihurtzeko eraldatu eta, Gurutze Gorriaren bitartez, hura banatzea. Horretarako, Guztion Artean ekimeneko pertsona boluntarioek parte hartuko dute, COVID-19ak eragin duen ekonomia-egoerak kaltetutako pertsonei zuzenduta.
Pandemiak sortutako egoerak distortsioak eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren nekazaritzako elikagai-produktuak merkaturatzeko orduan, batez ere HORECA kanalaren mende dauden produktuetan. Kanal hori ez dago indarrean, eta arrisku handia dago produktu horiek galtzeko, ez baitago beste irteera komertzial motarik antolatuta.
Bestetik, osasun-krisiak kolektibo kalteberenen gizarte-arloko beharrizanak handitu ditu Eusko Jaurlaritzak bideratutako elkartasuna hazi ahala, Euskadiko Caritas eta Gurutze Gorriaren parte-hartze aktiboa duen Guztion Artean ekimenaren bitartez.
Halaber, industria-sektorea hilabete hauetan zailtasunak izaten ari den arren, ORONA Gipuzkoako kooperatibak, igogailuen sektorean liderrak, ahalegin berezia egin du bere Fundazioaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko familia behartsuenei elkartasunez laguntzeko.
Testuinguru horretan, HAZI (Eusko Jaurlaritzaren mendekoa) eta ORONA fundazioak JAKIORO elkartasun proiektua jarri dute martxan duela egun batzuk, baserriko produktuetan oinarritua. Orain arte, prestatutako 18.564 otordu-unitate banatu dira. Akordioan, eguneko 2.000 anoa prestatzea aurreikusi da eta banaketak astean bi bider egitea. Lehendabizi, baserriko eta elikadura-enpresetako soberakinak bildu eta Oronaren mendeko Diámetro 200eko instalazioetan prestatzen dira, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.
Ekimen hau garatzeko HAZI eta ORONAren arteko akordioa hurrengo hilabeteetan egongo da indarrean, baliabideen beharrizanen eta eskuragarritasunaren arabera.
Lankidetza-kate luze eta josia
Ekimenak koordinazio estu eta zaindua eskatzen du eta, ekimenean, HAZI Fundazioak hartu du bere gain koordinazio eta logistika; bestalde, Orona egin da produktua eraldatu eta kuzinatzearen arduradun.
Hauexek osatzen dute menua: barazki-krema, Arabako txitxirio erregosiak eta kiwi eta sagarrezko bizkotxoa. 2.000 anoa inguru banatzen dira egunero. Eusko Label edo Euskal Baserri osagaiak kooperatiba eta enpresa hauexen partaidetzari esker jartzen dira: Barrenetxe Koop., Garaia Koop., Garlan Koop., Udapa- Paturpat Koop., Alberro SL, Karabeleko eta Lurrarte SL.
Elikadura ez alferrik galdu
Gizarte-arloko eginkizuna betetzeaz gain, ekimena koordinatzen duen Hazi Fundazioak soberakinak ekoizten dituzten nekazaritza-ustiapenen beharrizanei erantzuten die; gainera, elikadura alferrik ez galtzen laguntzen du.
Tapia sailburuak ekimen honen filosofia laburbildu zuen. “Horeca kanala itxi denez gero, elikaduraren sektorean soberakin gehiago sortu dira. Horregatik, merkaturatzeko kanal berriak ireki ez ezik, proiektu honen bidez, helburu hirukoitza beteko dugu: lehen sektorearentzako laguntza sendotu dugu, elikagaiak gutxiago alferrik galtzen dira, eta kolektibo kalteberenei laguntzen diegu. Ekimena lankidetza publiko-pribatuan eta HAZI Fundazioak sektoreari buruz duen ezagutzan oinarritzen da”.
Orona Fundazioa, gizarte-beharrizanen zerbitzura dagoen aktibo industriala
Peio Garciandia, Orona Kanpoko Harreman eta Erakunde Presentziako arduradunak adierazi zuenez, “gure gizartearentzat hain zaila den une honetan, gure proiektu sozio-enpresarialari ekin diogu, Orona Fundazioaren bidez, eta JAKIORO proiektua martxan jarri dugu krisi sozio-sanitario honek kaltetutako kolektiboen oinarrizko beharrei berehala erantzun ahal izateko”.
Orona Fundazioaren misioak, Orona gizarte- eta enpresa-proiektuarekin bat etorriz, bi alderdi biltzen ditu (etorkizuna eta ingurunea). Barrualdera, Oronaren misioa da bere pertsonen garapena bultzatzea eta sustatzea; kanpoaldera, berriz, ingurunearen garapena bilatzen du, gizarte- eta ekonomia-arlo, kultura eta gizarteari dagokionez.
Filosofia horrekin bat etorriz, Orona Fundazioaren babespean eta Federico Pacha sukaldariaren gidaritzaz, Gure Elikagai elkartea sortu da, Oronan ORONAko pertsona langileei eta Orona-Ideo ekosistema bisitatzen duten pertsonei kalitatezko elikadura ematen dien zerbitzu bat hornitzeko. Egunero, 600 pertsonari zerbitzatzen zaizkie menu osasungarriak.
Orona elikadura-proiektuaren printzipioak
Bertako jatorria duten, sasoikoak diren eta, ahal bada, organikoak diren lehengaiak lehenetsi. Era horretan, Orona Fundazioaren kanpoaldeko misioa betetzen da: gure ingurunearen gizarte- eta ekonomia-garapena, kasu honetan lehen sektorearena.
Gure pertsona langileen osasuna, ORONAko giza garapena, zaindu. Nekazaritzako gai toxikoen karga txikia duten elikagaiak dira, gertukoak direlako eta artisau lanean edo nekazaritza ekologikoko irizpideen bidez landuak.
Ereduak bi hedapen izan ditu: lehena, Lastaolako Oronaren fabrikan (Hernanin) eta, bigarrena, berriagoa, Chillida Leku Museoko Lurra kafetegian.
Jakioro proiektuak “Guztion Artean” ekimena sendotuko du
JAKIORO kanpainak “Guztion Artean” elkartasun-sarea sendotu du, ehunka pertsona boluntario aktibatuz, eta adineko eta desgaitasuna duten mila inguru pertsonaren bidelaguna izan da. Sare hau Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatzen du, Gurutze Gorriaren eta Caritasen eskutik, eta hamar milioi euroz zuzkitu den “Inor atzean utzi gabe” funtsean kokatzen da; bestalde, pandemia honetan babesgabeenak diren gizataldeen beharrizanak arintzera bideratutako hamar bat programatan egituratzen da.
Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak bere esker ona adierazi zuen, eta nabarmendu “lankidetza hori sare-lanaren adibide garbia” dela, “jasangarria eta kooperatiboa, pertsona kalteberenen onerako. Ekonomia zirkularra, gizarte-krisiko une hauetan, erakunde publikoen, enpresaren eta gizarte-arloko erakundeen sareen arteko lankidetzari esker”.