Neiker-Tecnaliak Arkautin dituen labore ekologikoen saiakuntza esperimentaletako lursailek nekazarien eta teknikarien landa bisita bat hartu zuen.
Ekintza aldizka egiten da, Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren esparruan (FOPE), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gidatuta, eta Neikerek eta ENEEK-Euskadiko Nekazaritzako eta Elikadura Ekologikoko Kontseiluak dinamizatuta.
Parte hartzen zuten nekazariek bertatik bertara ezagutu zituzten 2018-2019 kanpainaren garapena
Neiker-Tecnaliak Arkautin nekazaritza ekologikoari eskaintzen dizkion zazpi hektareetako bisitan, parte hartzen zuten nekazariek bertatik bertara ezagutu zituzten 2018-2019 kanpainaren garapena, udazkeneko eta neguko laboreen emaitzak, bazkatarako landareen hazkuntzaren esperientzia (alpapa, bazka ilarra eta krotalaria), udako laboreen esperientziak (kinoa, letxuga eta azalorea), paperezko betegarriekin egindako saiakuntzak (Agropapers) eta ongarritze organikoko saiakuntzak.
FOPE proiektua 2014. urtean abiarazi zen, gizarteak produktu ekologikoak ekoitzi eta kontsumitzeko gero eta interes handiagoa duela eta, eta gure herrialdearentzat hazkunde ekonomiko jasangarria izateko aukera izanik.
Helburu orokorra da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea. Helburu operatiboetako batzuk dira tokiko produktuaren operadore, transformatzaile eta kontsumitzaileen kopurua handitzea, eta ekoizpen ekologikoan landutako azalera eta produkzioaren errentagarritasuna areagotzea.
Faro finka
Arkautiko “Faro finkak” aukera ematen du ekologikora aldatzeko prozesua nola egin ikasteko eta nekazariek bidean aurkitzen dituzten arazoak ikusteko. Labore berriei dagokienez, lursail esperimentaleko zazpi hektareetan kudeaketa ekologikoa duten laboreak ebaluatzen dira, gure lurrerako eta gaur egungo klima baldintzetarako egokienak direnei buruzko informazioa eskaintzeko, Gainera, labore jakin batzuen portaerari buruzko saiakuntzak ere egiten dira, klima aldaketak ezartzen dituen baldintzetara hobeto egokitzeko.
Nekazaritza ekologikoko 542 ustiategi
2014tik 2018ra nekazaritza ekologikorako aldaketa egin duten ustiategiak 389tik 542ra igaro dira, eta transformatzaileak ere 125etik 177ra igo dira, ENEEKen zifren arabera. Horrez gain, 2018an nekazaritza ekologikoan inskribatutako azalera 2.946 hektareatara iritsi zen, horien artean nabarmentzen direlarik mahatsa, fruta arbolak, zereal aledunak eta barazkiak. Nekazaritzako labore ekologikoen artean, labore estentsiboak dira gutxien hazten ari direnak, eta hain zuzen ere alderdi hori da Eusko Jaurlaritzak bereziki landu nahi duena.