Uztailaren 22tik 26ra Atun Tropikalaren Batzorde Interamerikarrak bere 94. Bilera egin du Euskaldunan
, eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek eman zion hasiera bilerari, non mundu osoko 250 ordezkari politiko, zientzialari eta enpresari baino gehiago elkartu baitira atunen eta antzeko espezieen alde eta Ekialdeko Pazifikoan dauden beste itsas espezie elkartuen alde lanean jarraitzeko asmoarekin.
Euskal flotaren tunidoen arrantza izan da eta da Euskal Herriko arrantza jardueraren oinarrietako bat
Bere interbentzioan, arrantza zuzendariak azpimarratu zuen sektoreak Eusko Jaurlaritzarentzat duen garrantzia; izan ere, lehiakorra eta errentagarria ez ezik gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra izatea ere nahi du Eusko Jaurlaritzak.
“Euskal flotaren tunidoen arrantza izan da eta da Euskal Herriko arrantza jardueraren oinarrietako bat. Eta ez hori bakarrik: Euskal herriaren nortasuna eta itsasoarekiko grina markatu dituzten tradizioetatik datorren arrantza da”, baieztatu zuen Azkuek.
Azken 10 urteetan, hegaluzearen baxurako harrapaketak Ipar Atlantikoko stockaren guztirako harrapaketen %27 izan dira eta hegalaburrarenak, berriz, Ekialdeko Atlantikoko eta Mediterraneoko stockaren harrapaketen %5. Arrantza selektiboa da, zeina ingurumena errespetatzen duten harrapaketa metodo tradizionalekin egiten baita, eta horrek egiten du flota honen harrapaketak kalitate bikaina izatea, arrantzaleek betidanik dakitena egiten arrainen kontserbaziorako jardunbide egokiak baitituzte.
Atun tropikalen arrantzari eta Euskal Herriko atun sektoreari dagokienez, “dudarik gabe” sektore erreferentea da Euskal Herrian, ziurtatu du arrantza zuzendariak; hala erakusten dute, gainera, datu hauek: euskal flotak hainbat banderatako 54 itsasontzi ditu eta ozeano guztietan harrapatzen diren tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 harrapatzen ditu; sektoreak 7.900 zuzeneko enplegu eta 21.000 zeharkako sortarazten ditu guztira, eta horietatik Euskadin 1.700 zuzeneko eta 3.000 zeharkako, eta 1.550 milioi euroko jarduera ekonomikoa; gainera, atun ontzien %95en diseinua, ingeniaritza eta eraikuntza made in Euskadi da.
Azkuek balioetsi nahi izan zuen, baita ere, “euskal arrantzaren sektoreari eskainitako ahalegina, sektorearen garapen zientifikoa eta teknikoa edo, beste era batera esanda, sektorearen modernizazio teknologikoa eta ekimen berritzaileen aldeko apustua ekartzen baititu”. Zentzu horretan, azken urteetan “Euskal Administrazioaren eta sektorearen beraren konpromisoari esker, arrantzaren zientzia eta teknologiaren euskal sistema indartzea lortu da, giza baliabide eta baliabide material asko erabiliz ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzako jarduerak egiteko. Hala, azpimarratzekoa da zientziaren eremuan AZTIko ikertzaileak laguntzen eta parte hartzen ari direla arrantza kudeaketarako munduko erakunde guztiekin”, adierazi zuen.
Gainera, arrantza zuzendariak nabarmendu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzatik Bermeo Tuna World Capital elkarteari ematen ari zaion bultzada. Elkarteak 30 bazkide baino gehiago dauzka gaur egun, eta bere helburua da atunaren inguruko kudeaketa iraunkorra bultzatzea maila globalean, baliabide naturala den heinean, ezagutza zientifikoaren eta jardunbide egokien lidergoaren bitartez. Ekimen horren esparruan, “lanean ari gara atunaren iraunkortasunaren aldeko nazioarteko adierazpenaren akordioa lantzeko”, iragarri zuen.