Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak bisitatu zuten Mendexako akuikulturako ekoizpenerako itsasoko poligonoa.
Ekimenak egiaztatu du akuikultura itsasoko produktu gehiago ekoizteko eta Euskadin jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko etorkizuneko bidea dela. Lehendakariak Matxitxako Moluskoak enpresaren instalazioak bisitatu zituen. Poligonoan instalatu den lehenengo enpresa hori Kantauri aldean, itsaso zabalean, muskuilua ekoizteko lehenengo enpresa-ekimena da.
Instalazioen % 10 hartzen du Matxitxako Moluskoak enpresak
Itsasoko akuikultura-jarduera oinarrizkoa da arrantza-sektore lehiakorrago baterako bidean aurrera egiten jarraitzeko. Matxitxako Moluskoak ekimena itsasoko elikagaiak ekoizteko aukera jasangarri eta berritzailea da, eta, horrez gainera, arrantzako eta akuikulturako eremuetako sare sozioekonomikoa integratzen du. Horrela, Euskadiko arrantza-sektorearen erauzketa-jarduera areagotzen eta dibertsifikatzen lagunduko du eta, gainera, itsasoko elikagaien inportazioekiko mendekotasuna murriztuko du.
Lehendakariak, bere bisitan, Lekeitio eta Ondarroa artean, Bizkaiko kostaldean, dagoen Mendexako akuikulturako ekoizpenerako itsasoko poligonoa ezagutu ahal izan zuen. Eusko Jaurlaritzak, 2015-2020 aldirako Arrantza eta Akuikulturaren Plan Estrategikoaren esparruan, long-lines bidezko (itsaso zabalean kuskubikoak hazteko sistema bat) itsas-hazkuntzarako interes bereziko eremu deklaratu du. Poligonoak 556 hektarea ditu guztira, eta lehenengo fase batean 290 hektarea balizatu dira; horietatik 210 ekoizpenerako erabiliko dira.
Deklarazio horren aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eta AZTI zentro teknologikoak hainbat ikerketa-proiektu egin dituzte sakonera ezberdinetan murgildutako long-lines bidez moluskuak ekoiztearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa zehazteko, eta emaitza onak lortu dituzte muskuiluaren, zamburiñaren eta ostraren ekoizpenean.
Lehendakariak, bere esku-hartzean, gogoratu zuen arrantza errendimendu jasangarri gorenera iritsita dagoela espezie gehienetan, nahiz eta arrain-eskaerak gora egiten jarraitzen duen elikagai osasuntsu moduan. Agertoki horretan, lehendakariak azpimarratu zuen akuikultura aukera ona dela arrain gehiago ekoizteko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko. Lehendakariaren ustez, alternatiba jasangarri eta berritzailea da itsasoko elikagaiak ekoizteko, aldi berean arrantzako eta akuikulturako egitura sozioekonomikoa integratuta. “Arrantza-sektorearen erauzketa-jarduera dibertsifikatzen eta itsasoko elikagaien inportazioekiko mendekotasuna murrizten lagunduko digu”, adierazi zuen.
Instalazioen % 10 hartzen du Matxitxako Moluskoak enpresak, eta jada eskatu du ekoizpen-eremua zabaltzeko baimena, azaleraren % 30 hartu arte. Horrez gainera, beste bi enpresak (Euskadiko batek eta Galiziako batek) jada erakutsi dute akuikulturako proiektuak bertan garatzeko interesa.
Gainera, Ogoñoko lurmuturraren parean, Elantxoben, identifikatu da bideragarria izan daitekeen beste eremu bat. Bi eremuen ezaugarriak eta Euskadiko kostaldeko ozeanografia kontuan hartuta, Euskadiko itsasertzean moluskuen urteko ekoizpena 3.000 tonatik 4.000 tonara bitartekoa izan daitekeela kalkulatu da, hazten diren espezieen arabera.
Matxitxako Moluskoak, ekimen aitzindaria nazioartean
Mendexako poligonoko lehenengo enpresa Matxitxako Moluskoak SL da, eta Kantauri itsasoko uretan, itsaso zabalean, long-lines bidez muskuilua ekoizteko lehenengo enpresa-ekimena da.
Arrantzaren sektoreko hainbat sustatzailek eta Euskadiko eraldaketaren, merkaturatzearen eta ikerketaren sektoreek batu dituzte indarrak enpresa hori eratzeko, eta bazkideak dira Lekeitioko eta Ondarroako kofradiak, Bizkaiko Arrankoba eta Itsaskorda enpresak, Gipuzkoako Baxurako Arrantzaleen Elkartea (Opegui), Gipuzkoako Baxurako Armadoreen Elkartea (Garela) eta AZTI.
Matxitxako Moluskoak enpresa uda honetan hastekoa da A eta ekologiko kategorietako muskuiluak merkaturatzen, ingurumena errespetatuz ekoitzita, eta indarrean dagoen Europako araudiari jarraituz eta AMARRE markapean