Getarian “Antxua Eguna” ospatzen zen egunean, antxoa kanpainaren hasierako datuak ezagutarazi ziren, eta, jakinarazi dutenez, 7.000 tona antxoa iritsi ziren Euskadiko portuetara eta batez beste 1,23 euroan saldu da antxoa kiloa.
Datu horiek ezagutarazteko egin zen prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek “intentsutzat” jo zuen arrantzaldi hasiera hau, izan ere, Euskadiko arrantzaleek hainbat neurri hartu behar izan dituzte, besteak beste arrantza ontziak geldirik edukitzea, arrantza lanak errentagarri egiteko. Doikuntzak egin dira merkaturako tamaina egokia duten aleen deskarga masiboa izan delako (45-60 pieza kiloan), nahiz eta kontserbarako tamaina txikia izan, kontserba izanik antxoa merkaturatzeko bide nagusia, arrandegietan antxoaren kontsumoa jaitsi baita.
Horrekin guztiarekin, sailburuordeak dei egin zion gizarteari sasoiko arraina kontsumitu dezan, Euskadiko arrandegietan saltzen den kantauriko antxoa kontsumitu dezan, alegia.
Berdelaren arrantzaldiaren gaineko datuak
Berdelari dagokionez, harrapaketen gaineko datuak pasa den urtekoak baino zertxobait txikiagoak izan dira. 8.810 tona arrantzatu dira, eta kiloko batez besteko prezioa 1,36 euro izan da.
Orozek positibotzat jo zuen berriki bukatu den kanpaina, izan ere, berak esan duenez, “euskal kuotaren %100era iritsi da eta batez besteko salmenta prezioa pasa den ekitaldikoa baino handiagoa izan da (11.000 tona – 0,97euro/kiloa)”.
Konpromisoa sektorearekin Getariako Antxua Egunean
Antxua Eguna Getariako Udalak eta Arrantzaleen Kofradiak elkarrekin antolatutako ekitaldia da eta, ekitaldi horretan parte hartuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak berriro erakutsi du Euskadiko baxurako arrantzaren sektorea babesten duela eta arrantza sektoreari oro har esker ona erakusten diola.
Antxua Egun honen ospakizunen barruan, Bittor Orozek azpimarratu nahi izan zuen exekutibo autonomoak Euskadiko arrantza sektorearen balio kate osoari, erauzketa unetik merkaturatze unera artekoari babes irmoa ematen diola.
Hala, gogoratu zuen euskal arrantzako produktu bikainak jendearen artean zabaltzeko egiten ari diren ahaleginak, besteak beste, informazio kanpainak eginez, azokak antolatuz eta azoketan parte hartuz (Euskadiko Arrantza Azokak, esaterako) eta banaketa kate nagusiekin hitzarmenak sinatuz, haien establezimenduetan Euskadiko bertako eta kalitateko produktuak egotea araua izan dadin.