Europako Komisioaren programaren lema da “Disfrutatu, Europakoa da”, Komunitate Ekonomikoko elikagai produktuak herrialdeetan sustatzeko eta nekazaritza elikagaien sektoreko enpresei merkatu berriak aurkitzen laguntzeko.
HAZI Fundazioak sustatutako Caprice programak Europako finantziazio lerro honetan tokia aurkitu du. Finantzaketa honen bidez, aurrekontuko bi milioi eta erdi euroen ia %80ko ekarpena ordainduko da.
Araba, Bizkaia eta Getariako jatorri izendapenek, Euskadiko Kantauriko Hegaluze eta Antxoa, eta Eusko Labela duten Ibarrako Piperrak dira Caprice programaren produktu protagonistak “Enjoy, it’s from Europe” ekimenaren markoan, eta Estatu Batuetako eta Japoniako merkatuetan egingo da sustapena. Proiektuak iraungo dituen hiru urteetan zehar, herrialde hauetako hainbat hiritan azokak eta ekintza komertzialak burutuko dira hautatutako produktuak ezagutzera emateko.
“Fancy the European Appetizer” lemapean ematen da ezagutzera Caprice, eta aipatu helmugetan sukaldaritza esperientzia bat eskainiko du, txakolina kalitatezko produktuekin lagunduz, hala nola, piperra, antxoa eta hegaluzea. Kalitate egiaztatua duten produktuen nahasketa honek Europako gastronomia sustatzeko erakusleiho modura baliatuko da, merkatu berriak irekitzeko potentziala duten herrialde gisa antzematen diren horietan. Herrialde horietako enpresa inportatzaileak Europako kalitatezko nekazaritzako elikagai produktuen jatorri, zapore, tradizio eta kontsumoari buruz sentsibilizatzeko moduetako bat da.
Estatu Batuetako eta Japoniako merkatuak
Caprice proiektua garatzeko Estatu Batuak eta Japonia hautatzea interesgarria da, biak ere ardoen eta kontserben inportatzaile handiak direlako. Amerikako herrialdearen kasuan, ardoaren inportazioaren zenbatekoak %32 egin du gora azken 5 urtean, eta kontserbetan %10eko hazkundea izan du denbora tarte berean, eta horregatik da helmuga ezin hobea produktu mota hauen sustapen ekintzak burutzeko.
Japonia, bestalde, ardoaren kontsumoan hazkunde handia edukitzeaz gain, bat dator Europak duen ikuspegiarekin jan-edanek harreman humanoak areagotzeko duten pisuaren inguruan, eta elikadurak ongizaterako faktore gisa duen garrantzian.
Japoniako lehenengo misio komertziala
Maiatzaren 13 eta 17 artean Tokion ospatuko da CAPRICE proiektuaren lehen misio komertziala Basque Culinary Centerrekin elkarlanean, eta 20 euskal enpresek parte hartuko dute. Beren sukaldaritzan Europako kalitatezko produktuak sartu nahi dituzten profesional eta chefei zuzenduta dago, eta inportazioan eta esportazioan jarduten duten enpresei.
Tokion garatuko diren ekintzen artean nabarmentzekoa da produktuen erakusketa, showcooking bat modu dibertigarri, desberdin eta sortzailean publikoari dastatzeko gonbitea egiteko, eta hautatutako produktuak protagonista izango dituen negozio afari bat, tokiko sukaldaritzako profesionalei zuzendua.