Hasi dira gastronomiaren eraldaketa digitalerako LABe – Digital Gastronomy Lab berrikuntza-laborategiaren obrak. Guztira, 1.400 metro koadroko azalera izango du, eta Tabakalerako Prisman egongo da, Donostiako kultura garaikidearen zentroan.
Uda hasieran irekiko da, aurreikuspenen arabera, LABe – Digital Gastronomy Lab, kontzeptu, produktu, zerbitzu eta esperientzia berriak elkarrekin sortu, aztertu, probatu eta baliozkotzeko gune bat, osagai teknologiko eta digitalekin, gastronomiaren eta jatetxeen sektorearekin zuzendutakoa. Basque Culinary Centerrek kudeatuko duen berrikuntza irekiko laborategi bizi hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren lankidetzarekin sustatutako Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan kokatzen da.
Azpiegitura hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOT enpresek diseinatu dute, eta haren xedea da ekarpen aktiboa egitea gastronomiaren balio-katearen etorkizuneko diseinuari, sektorearen trantsizio digitala katalizatuta. LABek ekosistema gastronomikoa osatzen duten eragile guztien gaitasunak indartu nahi ditu: enpresa espezializatuak, ostalaritzaren sektorea, elikagaien eraldaketan eta banaketan diharduten konpainia berritzaileak eta I+B+G-aren esparruko eragileak. Aldi berean, gastronomiaren eraldaketa digitalean espezializatutako laborategia izan nahi du, nazioarteko erreferentzia bat.