Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu andrearen agindua onartu du. Agindu horrek 2019-2020 denboraldirako laguntzen deialdia egiten du, atzerrian ardo produktuak sustatzeko eta horiei buruzko informazioa zabaltzeko ekintza zein programetarako, bai eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea hobetzeko inbertsioak egiteko ere.
Laguntza horiek zinez interesgarriak dira ardo enpresentzat. Sektorean oso aintzat hartzen dira, eta inbertsio ekonomiko handia egiten da horiek sustatzeko. Aurreikuspenen arabera, 2019-2020 kanpainarako laguntzen zenbatekoa 7.500.000 eta 8.000.000 euro artekoa izango da, aurkezten diren inbertsio proiektuen arabera; hots, aurreko bi ekitaldietan baino kopuru handixeagoa.
Laguntza horiek zinez interesgarriak dira ardo enpresentzat. Sektorean oso aintzat hartzen dira
Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan martxan jarritako Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren helburuekin bat etorrita ‒elikaduraren balio katean oinarrizko lan ildoak finkatu nahi dituen Plana‒, hain justu, laguntza ildo honen helburua da ardoa gure mugetatik kanpo sustatzea, eta sektorean inbertsioak indartzea, merkatuaren eskaeretara hobeto egokitzeko, eta enpresa hauen lehiakortasuna eta errendimendu globala handitzeko, euskal nekazaritzako produktuen sektorean giltzarriak baitira, eta, horrenbestez, baita Euskadiko ekonomian ere, oro har.
Aurretik emandako laguntzak
2015. urteaz gero, 157 enpresak jaso dituzte laguntza hauek. Hiru urte hauetan, zehazki, 32,7tik gora milioi euro eskuratu dituzte, 65,5 milioi euroko inbertsioak egiteko.
Laguntza motak
– Atzerriko herrialdeetan sustatzeko programak: hauek dira laguntza jaso dezaketen produktuak: ardoa, likore ardoa, ardo aparduna, kalitatezko ardo aparduna, kalitatezko ardo apardun lurrintsua, ardo txinpartaduna, ardo txinpartadun gasduna, mahaspasa ardoa, gehiegi umotutako mahatsez egindako ardoa, eta ekoizpen ekologikoko ardoak. Produktu horiek esportatzeko aukera eduki behar dute, edo atzerrian merkataritza irteera berriak eduki beharko dituzte, eta kontsumo zuzenera bideratuta egon beharko dute.
Gainera, honako kategoria hauetakoren batekoak izan beharko dute: Jatorri Izendapen babestuko ardoa, Adierazpen Geografiko Babestuko ardoa, edo ardoa egiteko erabili den mahatsaren barietatea adierazten duen ardoa.
– Inbertsioak ardoaren sektorean: ekoizpen baldintzak, merkaturatze baldintzak edo bi baldintza horiek hobetzera, eta produktu, prozedura eta teknologia berriak garatzera bideratutako inbertsioak dira.