Ohiko harategiak «Basque Label Harategiak» markaren barruan sartzea errazteko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko ekitaldirako.
Zehazki, kanal marka honen garapenean parte hartzeko egin beharko dituzten gastuak finantzatzeko izango dira laguntzak. Guztira 500.000 euro bideratuko dira laguntza horietara, eta diru horrekin markaren irudi berrira egokitzeko ohiko harategiek egin beharko dituzten inbertsioak konpentsatuko da. Onuradun bakoitzak gehienez ere 15.000 euroko laguntza eskuratu ahal izango du.
Zehazki, kanal marka honen garapenean parte hartzeko egin beharko dituzten gastuak finantzatzeko izango dira laguntzak
2016an jarri zen abian Basque Label Harategiak marka, “Euskadin ekoitzitako Behi Okelaren Ekoizpena eta Komertzializazioa Bultzatzeko Estrategia”-ren barruan, lehen sektorearen lehiakortasuna areagotzeko eta balio katearen maila guztiak lotzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politikak dituen estrategietako bat baita, eta urte horretan lehenengo lau harategiak sartu ziren markan. Harrez gero, 59 establezimendu sartu dira guztira markaren barruan –34 Gipuzkoan, 20 Bizkaian eta 5 Araban– eta, aurreikuspenen arabera, 2019an 25 gehiago batuko zaizkie horiei. Harategi horiek “Basque Label Harategiak Elkartea” eratu dute elkarrekin aurrera egiteko eta proiektuaren helburua lortzeko asmoarekin, hau da, Eusko Label markako produktuak sustatzeko, ohiko merkataritza balioetsia eta harakin eta harakintza profesional eta tratu hurbilekoaren figura azpimarratuta.
Eskatzaileak eta diruz lagundu daitezkeen gastuak
Euskadin kokatuta dagoen ohiko harakintzan diharduen establezimendu baten titularrak direla egiaztatzen duten pertsona fisiko edo jurdikoek eskatu dezakete laguntza, betiere marka berriarekin bat egiten badute eta, eskabidea egiteko unean, diru laguntzei buruzko legerian ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Seinaleak (erakustokiak, kartelak, etab.) markaren irudi berrira egokitzeko oinarrizko ekipamenduak erosi eta hobetzeko gastuak eta horretarako beharrezkoak diren obra txikiei dagozkienak izango dira diruz lagundu daitezkeenak. Onuradun bakoitzak gehienez ere 15.000 euroko laguntza eskuratu ditzake.
Eskaerak egiteko eta bideratzeko azalpenak, bai eta bide presentzialetik zein elektronikotik beharrezkoak diren gainerako ereduak edo txostenak, euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Eskaerak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.