Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimena” proiektuaren lehen lan-urtea dela et, jardunaldia egin zen, eremu horretan izan diren aurrerakuntzen berri emateko.
Bertan, Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak eta Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren zuzendariak parte hartu zuten.
10 lantalde eratu dira; horietan 85 pertsona daude, 21 enpresa eta erakundetakoak.
Plan handia da, eta helburu du elikaduraren bidez osasuna sustatzea; izan ere, kasu askotan gaixotasun kronikoen gorakadaren arduraduna izaten da, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrena, diabetesarena eta minbizi-mota batzuena.
18 ekimen aurreikusten dira eta horietatik, erdia baino gehiago, lehen urte honetan jarri dira abian. 10 lantalde eratu dira; horietan 85 pertsona daude, 21 enpresa eta erakundetakoak. Horiek, dagoeneko, atxikita daude Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenei.
Atxikipen horiek erakusten dute euskal gizartean elikadura-ohituretan aldaketa sustatu nahi dela. Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak eskerrak eman ditu proiektuaren lehen urte honetan erregistratu direnengatik, eta ildo beretik aurrera egiten jarraitzearen aldeko apustu egin du: “Helburuetako bat gero eta atxikipen gehiago izatea da, Euskadin elikadura osasungarria finkatuko dutenak; horrek biztanle guztien osasun hobea eta, ondorioz, euskaldunen bizi-kalitate hobea bermatuko du”.
Dagoeneko kausa honekin konpromisoa duten erakundeak honako hauek dira, besteak beste: euskal administrazio publikoa, Osakidetza bera edo Euskal Herriko Unibertsitatea, baina baita zenbait elikagaietako enpresa, nutrizionisten eta farmazialarien elkargo profesionalak, fundazioak, ikerketa-zentroak, tokiko erakundeak eta komunikabideak ere.
Era berean, gaur arte, proiektuetan 60 eragile baino gehiagoren elkarlana lortu da. Horrela, esaterako, gatza murriztea dela eta, 39 okintzako lantegi gehigarri horren kopuru txikiagoa duten ogiak ari dira hornitzen.
Ildo beretik, esperientzia pilotua egin da 10 ikastetxetan; horietako eskola-menuetan fruta, barazki eta arrain urdin gehiago sartu da. 7 sukalde zentral arduratzen dira horretaz; horiek Elikadura Osasungarrirako Ekimenekin bat egiten dute. Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak zera esan zuen: “euskal ikasleek bazituzten lehen ere eskola-menu orekatuak, baina, ekimen honen bidez, are gehiago hobetu nahi da ikasleen elikaduraren eta nutrizioaren hezkuntzan pisu handia duen zerbitzuaren kalitatea. Era berean, bizi- kalitatea hobetzeko elikadurak duen garrantziaz ohartarazi nahi zaie ikasleei”.
2019tik aurrera, proiektuetan azalera handiko saltokiek, txikizkako fruta- eta barazki-dendek eta arrandegiek, zenbait jatetxetako sukaldariek eta gaixo kardiobaskularren elkarteek ere jardungo dute elkarlanean. Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen iritziz: “Euskadik kalitate oso oneko produktuak ditu, bai itsas produktuetan, bai lurrekoetan, eta, azken batean, lehen mailako sektore aktiboa eta konprometitua du eta haren inplikazioa ezinbestekoa izango da Elikadura Osasungarrirako Ekimenak sustatzeko”.