Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak inauguratu zuen Egurtek, Egurrezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren 7. edizioa.
Foro honek Bilbao Exhibition Centerren bildu ditu egurraren sektoreko pertsona adituak eta punta-puntako enpresak.
Aurten, bestalde, Egurtek 2018 Sariak banatu ziren aurkeztutako 123 lanen artean
Irekiera saioan, Oroz sailburuordeak nabarmendu zuen Euskadik baso-egur sektore indartsua eta boteretsua duela, batasunez lan egiten duena hasi basogintza ekoizpenetik eta arkitekturaren eta eraikuntzaren profesionalen esku jartzen dituen egurretik eratorritako produktuen eraldaketara bitarte.
Orozek nabarmendu zuen, halaber, gaur egun Europako basogintzaren sektorea bioekonomiaranzko bilakaera izaten ari dela, geldiezin. “Euskadik bat egin du gure egurrari bereziki eta basogintzaren sektoreari orokorrean ahalik eta balio erantsi handiena emateko apustuarekin, eta HAZIren eta NEIKERren eskutik, arlo horretan proiektuak martxan jartzen ari gara” – esan zuen sailburuordeak.
EAEko azaleraren %55 basoa da, eta Europar Batasuneko ratiorik handienetako bat da hori. Euskadiko basogintzaren sektoreak enplegua sortzen du (aktibo dauden 18.000 lanpostu inguru), eta baita aberastasuna ere (BPGren %1,5). Sektoreko euskal enpresa ugarik egiten dute bertako lehengaien aldeko apustua; izan ere, erabiltzen duten egurraren %70 gure basoetakoa da.
Biltzarra
Mundu mailako topaketa garrantzitsuenetako bat da Egurtek. Arkitekturari eta Egurrari buruzko Biltzarra egin zen. Sektorean erreferentzia garrantzitsua da, maila handiko hiztunek parte hartzen dutelako eta euren lanak bikainak direlako.
Gainera, Baskegurrek antolatutako Jardunaldi Teknikoak ere egin ziren, baso-egurraren sektoreko prestakuntzaren, egurraren diseinuko berrikuntzaren eta baso bioekonomiaren inguruan egituratutakoak. Jardunaldi horietan parte hartu zuten, besteak beste, HAZI Fundazioko, NEIKERreko, Eusko Jaurlaritzako, UPV/EHUko, Eduparkeko, Albaola Museoko, Disaroko, Experimentako, EFI-Efimeteko eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkariek.
Egurtekek, bestalde, sektoreko profesionalei eskainitako erakusketa eremu bat ere eduki zuen. Bertan parte hartu zuten hainbat produktu eta zerbitzu eskainiko dituzten 70etik gora sinadurak, honako hauekin lotura dutenak: arkitektura, egurrezko etxeak, egurrarentzako tratamenduak, eraikuntza iraunkorra, ingeniaritzak eta apainketa, eraikuntzarako egurra, egitura softwareak, eta egur, elementu eta material inportatzaileak.