Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak euskal basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute, manifestu instituzional bat sinatuz eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abiaraziz, «Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategiaren» barruan.
Estrategiak hiru jardun esparru nagusi ditu: gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzea; gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztea, eta sektorea berreskuratzea.
Aurkeztu berri den planak aldaketak izan ditzake gerora, egoeraren unean-uneko garapenera egokitzeko.
Plana bera euskal erakundeek azken urtean egin duten lanaren emaitza da. Zehazki, 2017ko urrian egin zuen egoeraren diagnostikoa basoen osasunerako aholkulari taldeak (sektorearen ordezkariek eta Administrazioak osatzen dute talde hori) . Euskal basogintza politikaren ildo estrategikoak izan dituzte abiapuntu aurrerantzean garatu beharreko jarduerak zehazteko, eta aintzat hartu dituzte aholkulari taldearen diagnostikoa, sektoreak duen garrantzia eta gaitzak eragin berri duen kaltea ere. Hartu beharreko neurriak planteamendu honen inguruan ardazten dira: Basoaren kudeaketa jasangarria edo ekonomikoki errentagarria izango den basogintza jarduera bat garatzea, baso azalerari eustea edota basogintza sektore profesional gisa indartzea.
Neurri horiek egituratzeko orduan, kontuan hartu da estrategia sustatzen duten erakundeetako bakoitzaren eskumen eremua, bai eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko koordinaturik lan egitearen printzipioa ere.
Hiru jardun esparru horiek zehaztu izanari esker, euskal erakundeek ezohiko egoera honen neurriko erantzun bateratua eman ahal izango dute.
Gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzeko ildo hauei jarraituko zaie: batetik, eremu kaltetuak eta gaixotasunaren garapena neurtuko dira, azalerak kalte mailaren arabera sailkatuko dira, eta eritasunak dituen jokabidea, zikloa eta moztu ondoren irauteko gaitasuna aztertuko dira. Bestetik, konponbide bat bilatuko da mendian tratamendu desberdinak modu esperimentalean aplikatuz, beste leku batzuetako praktika arrakastatsuak identifikatuko dira eta adituekin informazioa trukatu, eta, gainera, ikerketa eta informazio bilketa egingo da produktuak, dosiak eta tratamendua egiteko momentuak definitzeko helburuz. Halaber, aztergai izango da aldagai klimatikoek gaixotasuna zabaltzen izan dezaketen eragina ere.
Gaitzari aurre egiteko neurrien bidez, erantzun bat eman nahi zaie haren prebentzioari, tratamenduari eta tratamenduaren aplikazioari loturiko gaiei, eta alternatibak ere bilatu nahi dira, bestalde. Ildo horretan, oxido kuprosoa erabiliz aireko tratamendua egiteko baimen bereziak tramitatzen ari dira (tramite hori ezinbestekoa da halakoetarako), emaitza onak lortu baitira beste zenbait lekutan, EAEko pinuei erasan dien onddoaren antzekoen aurkako tratamenduekin. Era berean, gaixotasunarekiko erresistenteak diren landareak inportatuko dira, foru laguntzen planetan prebentzio neurriak indartuko dira, eta halako kasuetan gomendatzen diren basogintzako praktikak bilduko dituen gida bat prestatuko da. Bestalde, foru laguntzen planak indartuko dira larri kaltetutako masak mozteko eta basoberritzeko, mozketak egiteko tramite administratiboak erraztu eta arinduko dira, tratamenduak egiteko beharrezko azpiegitura tekniko-administratiboa prestatuko da, lehentasunezko mozketak egiteko eremuak eta gaitza hedatzea mugatzeko mozketa eremuak izendatuko dira, eta moztutako zura gordetzeko eremuak antolatuko dira, pixkanaka saldu ahal izateko.
Sektorea berreskuratzeari dagokionez, gaixotasunarekiko erresistenteak eta sektorearentzat merkataritzaren ikuspuntutik interesekoak diren espezieak identifikatuko dira eta horiekin esperimentatuko da; jatorri bermeduna duten haziak erabiltzea sustatuko da, eta espezie desberdinak karakterizatzeko proiektuak egingo dira. Orobat, foru eskumeneko mendietan landaketa esperimentalak egiteko proiektuak diseinatuko dira; gaitzak jotako landaketak moztea eta espezie erresistenteekin basoberritzea sustatzeko basogintzako laguntzak indartuko dira, eta gaixotasunarekiko erresistenteak diren pinuak bilatu eta ugalduko dira.