Euskadi osotik etorritako ehun emakume baino gehiagok ospatu zuten Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak itxi zuen ekitaldiak gai nagusitzat izan zuen Emakume Nekazarien Estatutuaren garapena. Estatutu hori aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2015eko urrian.
Neurria, ahobatez 2015ean onartutako Emakume Nekazarien Euskal Estatutuak jasotzen du
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak antolatu zuen zabalkundea egiteko ekitaldia eta departamentuko sektoreko arduradunen eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen babesa izan zuen.
Parte hartze orekatua lortzeko bidean
Hasierako hitzen ondoren, Emakume Nekazarien Estatutuaren Oraina eta Etorkizuna izeneko ponentzia azaldu zuten Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Irma Basterrak eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluagak.
Lehendabizi, Estatutuaren edukia eta helburuak azaldu zituzten eta, ondoren, sektorearen egungo egoera zehaztu zuten eta, bereziki, Estatutua bultzatu eta helburu horiek lortzeko bidean Eusko Jaurlaritzak dituen planak. Horrela, bada, aurten bertan abian izango dela adierazi dute.
Honakoak dira 2018an zehar garatu diren lan lerro nagusienak: nekazaritzako ustiategietan emakumeen titulartasuna sustatzea (nekazaritza sektorean 21.796 dira titularrak eta horietatik 7.402 emakumeak, %34), nekazaritza sektoreko erakundeetan emakumeen ordezkaritza bultzatzearekin batera; eta, gainera, sektorearen araudia egokitu nahi da, emakumeak sektorean aitortzea eta ikusgarritasuna ematea eta genero ikuspegian eta ikuspegitik heziketa eskaintzea. Gainera, iragan urtarrilean Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen, Estatuaren betetze mailaren jarraipena egin ahal izateko xedearekin.
Erabaki organoetan ordezkaritza
Baieztatu zutenez, “lehentasunetako bat da erabakitze organoetan gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzea. Helburu horretan guztiok gaude inplikatuta: administrazioak, elkarteak eta nekazaritza sektorea, oro har”.
Jakina da nekazaritza arloko elkarte eta erakunde profesional ugarietako erabakitze organoetan emakumeek ordezkaritza txikia dutela, eta Estatutuaren helburuetako bat da gizonak eta emakumeak masa sozialean presente egotea eta erabakitze organo horietan modu orekatuan parte hartzea. Parte hartze hori errazteko, euskal administrazioak honako bi datak azpimarratu ditu: bata, 2019ko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango nekazaritza alorrean ari diren erakunde profesionalei, enpresa erakundeei, sindikatuei edo bestelakoei zuzendaritza organoetan emakumerik ez badute; eta, bestea, 2021eko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango emakumeen presentzia zuzendaritza organoetan gutxienez orekatua ez bada. Hau da, organoen %40a emakumeez osatua egon beharko da gutxienez.
Marixe Noyaren hitzaldia
Ikerne Zuloagaren eta Irma Basterraren parte hartzearen ostean, Marixe Noya Arrizabalagarena etorri zen. Bere hitzaldiaren izenburua “Ahalduntzen duten kulturak” izan zen, eta bertan azaldu du zer ulertzen den emakumeek gune publikoan edo nekazaritza sisteman duten parte hartzeaz. Kritika egin zuen esparru pribatu eta esparru publikoa banantzen direlako eta argi utzi nahi izan du emakumeek betidanik parte hartu dutela landa inguruneetako ekonomian eta, gaineratu, nekazaritza sistemak ez zuela bizi iraungo sarritan ordainik gabe etxean nahiz landan emakumeek egindako lanik gabe.