Elikaduraren Balio Kateko Ekintzailetza Estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak.
Zamudion eta sektoreko ordezkariak aurrean zeudela, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek martxan jartzen diren helburuak eta jardute ildoak aurkeztu dituzte banan-banan, oraingo honetan arreta elikaduran jarrita.
BIND 4.0ren 2018ko deialdian 524 proiektu jaso dira, aurreko edizioan baino %36 proiektu gehiago, alegia.
Agente nagusien ekintzailetzari laguntzeko hartutako konpromisoaren erakusgarria da ekimena, Euskadiko elikaduraren balio katearen eraldaketa ekonomiko eta sozialerako ahaleginean parte hartzeko modu gisa.
Elikaduraren Balio Kateko Ekintzailetza Estrategia garatzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna jarri ditu abian, hala nola hauek:
• Ekintzaileentzako beka programa, berrikuntza irekiko ekimenen bitartez
• Inkubazio programa, EIT Foodekin elkarlanean, Euskadin instalatu nahi diren ekintzaileentzat.
• Bizkortze programa, EIT Foodekin elkarlanean, EIT FAN Programa
• Berrikuntza irekiko foroa enpresen eta Start-upen artean
• Mentoreak
• Banan banako akonpainamendua (kokalekua bilatzea, partner eta bazkideekiko harremana, Administrazioarekiko harremana, etab.)
• Azpiegitura Teknologikoen Sarea (SFC 4.0)
• Inbertsiorako eta finantzaketarako laguntza neurriak, neurri fiskalak, etab.
Elikaduraren sektorearen gune berria
Azken urteetan, elikaduraren sektorea “aukerako” sektoretzat jo izan da RIS Espezializazio Adimenduneko estrategiaren barruan. Orain arte, Euskadiri garatzeko eta berritzeko aukerak ematen zizkion eremutzat jo da, baina denbora honetan guztian elikaduraren balio katea osatzen duten agenteek antolatzen eta noranzko berean aurre egiten jakin izan dute.
Kontuan izanda sektorea erakusten ari den ahalmena eta gaitasunak, jada BPGd-ren %10eko pisua baitu, eta kontuan izanda, halaber, sektoreak enplegua sortzeko eta produktu berriak proposatzeko ahalmen handia duela, Eusko Jaurlaritza lanean aritu da elikadurari status handiagoa emateko eta manufaktura, energia eta osasunaren moduko lehentasunezko eremuen statusera hurbiltzeko.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak eta sektoreko agenteek elkarrekin egindako gogoetak egun dagoen ekintzailetza sistema indartzera eta eremu honi arreta handiagoa egitera eraman du Eusko Jaurlaritza.
Food BIND 4.0
Bind 4.0 da, zalantzarik gabe, Euskadik duen bizkortzailerik arrakastatsuena. Ekimen honen hurrengo edizioan, elikaduraren sektoreko enpresek eta startupek ere parte hartuko dute, FOOD BIND 4.0 osatuta.
BIND 4.0ren 2018ko deialdian 524 proiektu jaso dira, aurreko edizioan baino %36 proiektu gehiago, alegia. Proiektu guztietatik, %76 nazioarteko hautagaiak dira, eta azpimarragarria da munduan liderrak diren ekintzailetza hubetatik –Estatu Batuetatik, Israeldik, Erresuma Batutik eta Alemaniatik, esaterako– datozen startup hautagaien igoera.
Osasungintzaren teknologien sektorean sartzen da lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzak bere RIS· Espezializazio Adimenduneko Estrategian ezarritako lehentasunei jarraituta.
BIND 4.0ren edizio honetan, nazioartean erreferentziakoak diren 40 enpresa traktorek hartuko dute parte fabrikazio aurreratuaren, energiaren eta osasunaren eremuetan 4.0 industriako soluzioak aplikatzen dituzten startupekin, eta datorren urtean eremu horiei guztiei elikadurarena ere gehituko zaie.