Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreak eta kalitatezko eta jatorriko euskal produktuek gune protagonista eduki dute aurten Donostiako Zinemaldiaren jarduera osagarrien barruan.
Hilaren 21ean “Euskadi Basque Country” izeneko gunea inauguratu zen Kursaaleko terrazetako batean. Gunea karpa batean egon da, topaketarako eremu bat izan da, eta, bertan, euskal nekazaritzako elikagaien sektorearen lana eta bere produktu gastronomikoen eskaintza zabala erakutsi zaie zinemaren industriarekin lotura duten profesionalei (aktoreak, prentsa, enpresak, pertsona ospetsuak…) eta jendeari oro har.
Gune berriak ikus-entzunezkoen industriako jendearentzako leku bat eduki du eta beste leku bat jendearentzat oro har
Gune berriak ikus-entzunezkoen industriako jendearentzako leku bat eduki du eta beste leku bat jendearentzat oro har, eta bietan Euskadiko kalitatezko produktuekin egindako pintxoak eta edariak dastatu ahal izan dira. Besteak beste, Eusko Labeleko produktuak, Idiazabal Gazta, Getariako Txakolina, Euskal Sagardoa eta Arabako Errioxako Ardoa eskaini dira dastatzeko.
Karpa irailaren 21etik 29ra arte egon da zabalik, 12:00etatik 24:00etara. Bertan, erakusketa gastronomikoak eta Euskal Sagardoaren TXOTX izan dira ikusgai, eta musika zuzenean entzuteko aukera ere egon da, Estatuko eta Euskadiko DJekin.
Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren barruko ekintzetako bat da, bai eta euskal nekazaritzako elikagaien industria eta bere kalitatezko eta jatorriko produktuak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako egin duen apustu nagusietako bat ere.
Sektoreak eta erakundeek egindako elkarlan estuaren ondorioz, plan honek zeharkako izaera dauka euskal administrazioaren barruan, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak gidatuta dago. Euskal nekazaritzako elikagaien katearen egungo egoera zehatz diagnostikatzen du, eta diagnostiko horretan oinarrituta hainbat helburu estrategiko planteatzen ditu, esaterako hauek: Euskadik nazioartean duen posizionamendua eta eragina indartzea, eta bertako produktuak, kalitatezkoak eta iraunkorrak, gehiago sustatzea, gastronomiaren eta elikagaien alorrean erreferentziazko lurralde bihurtzeko, bai eta hainbat eremutako munduko abangoardiarekin harremanak ezartzea edo mantentzea ere.