Modenako Collegio San Carlon izan den ekitaldi batean jakinarazi dute 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.
Han izan dira Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburua, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia eta Joan Roca epaimahaiburua.
Zock Zonfrillo chefa izendatu dute 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle, “Orana Foundation-ek” egiten duen lanagatik. Jock Zonfrillok 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako proiektu batera bideratzeko, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera, alegia.
Euskadi eragile global gisa posizionatu behar da –esan du Ortozek–, nazioartean presentzia irabazteko.
Basque Culinary World Prize berdinik gabeko sari globala Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan, eta gastronomiaren arloan nagusi den Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademikoak ematen dute. Hainbat alorretan ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen du, hala nola berrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan, besteak beste.
Euskadi-Basque Country estrategia
Irabazlea jakinarazteko ekitaldiaren buru izan da Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburua, eta honako hitz hauek esan ditu: «sari berdin gabe eta global hau Euskadi-Basque Country Estrategia Integralaren parte da, eta Euskadiko gizartearen hainbat balio gure herrialdearen irudiarekin lot ditzatela lortu nahi du, hain zuzen ere, ahaleginaren kultura, konpromisoa, nork bere burua gainditzeko gaitasuna, bokazio berritzaile eta lehiakorra eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna, nazioartean gure burua aurkezteko ezaugarri bihur daitezen».
«Euskadi eragile global gisa posizionatu behar da –gaineratu du Ortozek–, nazioartean presentzia irabazteko. Euskadik kanpoan duen proiekzioak balio behar du nazioarteko testuinguruan berezko esparrua irabaz dezan, gure nortasuna eta balioak proiektatzeko eta horietan sakontzeko, eta horrekin batera, BCWPren tankerako ekimenen bitartez, gizarte-eredu bidezkoago eta jasangarriago bat, pertsonen zerbitzura dagoena, eratzen laguntzeko».
Zock Zonfrillo hamar finalistaren artean hautatu du irabazle munduko chef entzutetsuenetako hauez osatutako epaimahaiak: Joan Roca, Celler de Can Rocako chefa (Espainia) eta epaimahaiburua; Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Frantzia), Andoni Luis Aduriz (Euskadi) eta Manu Buffara (Brasil).
Horiez gain, hainbat diziplinatako nazioarteko adituek ere osatu dute epaimahaia, hala nola Ruth Reichl idazle iparramerikarrak, Bee Wilson gastronomia-historiagile eta kazetari britainiarrak, Isle Crawford diseinugile britainiarrak eta 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle Leonor Espinosa chef kolonbiarrak.
Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko hamar finalistak (7 gizon eta 3 emakume): Anthony Myint (Estatu Batuak), Caleb Zigas (Estatu Batuak), Dieuveil Malonga (Kongoko Errepublika/Alemania), Ebru Baybara Demir (Turkia), Heidi Bjerkan. (Norvegia), Jock Zonfrillo (Australia/Eskozia), Karissa Becerra (Peru), Marc Puig-Pey (Espainia), Matt Orlando (Danimarka/Estatu Batuak) eta Virgilio Martínez (Peru).
Nazioarteko chefen belaunaldikoak dira eta, beren zeregina gizartean zabaltzen jakiteaz gain, ogibidea berriz definitzeko gai izan dira, bereizgarri dituzten jakintza, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena erabiliz gizartean aldaketa eraldatzaileak sortzeko.
2017an, Leonor Espinosa chef kolonbiarrak eskuratu zuen saria, herri indigena eta afrokolonbiarrekin tradizio gastronomikoak eragile sozial eta ekonomiko gisa identifikatu, aldarrikatu eta bultzatzeko egiten duen lanagatik. 2016an, ordea, María Fernanda Di Gibelsolas venezuelarrari egokitu zitzaion Venezuelan eratu duen hezkuntza-, ekintzailetza-, ikerketa- eta garapen-sareari esker. Kakaoa identitate-, kultura- eta aberastasun ekonomikoaren iturri erabiliz, egoera zaurgarrian dauden emakumeak ahaldundu eta prestatu ditu txokolatearen mikroenpresaburuak izan daitezen.