Neiker-Tecnaliak metodo aitzindari bat garatu du behien igorpenak kuantifikatu ahal izateko, teknika ez inbaditzaileen bitartez, korrok egitean kanporatzen den airearen metano kontzentrazioa neurtzeko.
Soluzioari esker, informazio baliagarria lortu daiteke behi bakoitzak baldintza komertzialetan egunero guztira igortzen duen metanoari buruz.
Metodo berritzailea funtsezkoa da Metalgen proiektuan, zeinak esnetarako frisiar behien elikaduraren efizientzia handitzea eta metano igorpenak murriztea lortu nahi duen, eske ekoizpenaren karbono aztarna modu jasangarrian mantentzen laguntzeko.
Orain arte, 13 abere ustiategi agertu dira proiektua garatzen parte hartzeko prest.
Neiker-Tecnaliak bi gailu dauzka metano kontzentrazioa neurtzeko, eta EAEko lau ustiategitan jarri dira, 400 behi baino gehiagoren metano igorpen indibidualak jasotzeko. Horrenbestez, estatuan esnetarako behi aziendaren gainean neurtutako lehen datu errealak lortu dira. Proiektuak jarraituko du, Euskadin zein estatuan aziendaren lagin batekin lan eginez. Orain arte, 13 abere ustiategi agertu dira proiektua garatzen parte hartzeko prest.
Kanporatutako airearen analisian oinarritutako teknika horren onura nagusia da, modu erraz eta merke batean, datu asko hartu daitezkeela animalien ohiko portaeran eta produkzioan interferitu gabe, hau da, animali8en ongizatearekin bat eginda. Orain arte, modu esperimentalean erabilitako erreferentziazko metodoa kamera metabolikoa izan da, baina horren erabilera bideraezina da maila komertzialean.
Metalgen (www.metalgen.es) proiektuaren asmoa da elkarri lotuta dauden bi arazo konpontzea, hau da, elikaduraren efizientzia eta hausnarkarien hartzidura enterikoaren ondoriozko metano igorpenak; digestio prozesu hori horrelako animalietan gertatzen da, ez besteetan. Hautaketa genetikoa erabiltzeko lehen urratsak ezarri nahi dira, errumeneko mikrobioman interferitzeko helburuarekin. Hausnarkariaren mikrobio florak eragin handia dauka elikagaia digeritzeko orduan, eta bere ezaugarriak, halaber, elikadurak zein animaliaren genotipoak baldintzatzen ditu.
Neiker-Tecnalia Frisiar Espainiarraren Elkarteen Konfederazioarekin (CONAFE) lankidetzan ari da proiektuan parte hartzen, eta gidaritza Espainiako Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Teknologiako Institutuak darama (INIA).
Elikaduraren efizientzia eta berotegi efektuko gasen murrizketa dira Europar Batasuneko abeltzaintza sektorearen kezka berri eta nagusietakoa, eta, ondorioz, genetika eta nutrizioari buruzko ikerketa funtsezko faktorea da berotegi gasen igorpena murrizteko, horiek direlako klima aldaketaren eragile nagusiak.