Donostiak Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoa (CICS 2018) hartu du ekainaren 20tik 22ra bitartean.
Hiru egunetan zehar, lurzorua babesteko marko legal baten beharra jarri da agerian, ezagutzan eta praktika onetan oinarrituta.
Bioekonomiaren definizioa da biomasaren ekoizpen jasangarria, hainbat sektore ekonomiko eta sozialetan bere erabilera areagotzeko
“Lurzorua, bioekonomiarako baliabide iraunkorra” izenburupean, kongresuan parte hartu duten adituek lurzoruen erabilera jasangarria aztertu dute, daukan eginkizun hidrologikoa, klima aldaketara egokitzeko eta hori arintzeko jokatzen duen rola, lurzoruak babestea eta lehengoratzea, lurzoruak eta gizartea, zerbitzu ekosistemikoak, lurzoruen genesia eta sailkapena, eta zientziak lurzoruari egin diezaiokeen ekarpena, ingurumen politikak sortuz eta garapen iraunkorra bultzatuz.
Bioekonomiaren definizioa da biomasaren ekoizpen jasangarria, hainbat sektore ekonomiko eta sozialetan bere erabilera areagotzeko. Helburua klima aldaketaren ondorioak murriztea da, eta lehengai fosilen erabilera murriztea. Horrenbestez, biomasaren balioa optimizatu nahi da, zerbitzu ekosistemikoei egiten dien ekarpenagatik, bai ekonomiari dagokionez, bai gizarteari eta ekosistemei dagokienez.
CICS 2018an azpimarratu da lurzorua dela karbono gutxiko eta jatorri fosileko produkturik gabeko ekonomia zirkular baten oinarrizko zutabea. Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoan lurzoruaren baliabidearen gaineko ezagutza landu da, hainbat ikuspegi zientifikotatik abiatuta, ideiak eta emaitzak kontrastatuz, hipotesiak eta ondorioak elkartrukatuz eta gaiari buruzko ezagutza sakonduz, bioekonomiak dakarren paradigmaren aldaketa ahalbidetzeko politiken oinarriak bermatzeko.
Lehengaietan oinarritutako ekonomia zirkularra
Bioekonomiak esan nahi du jatorri fosileko materialetan oinarritutako ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular eta jasangarri batera igarotzea, jatorri biologikoko lehengaietan oinarrituta, gizarte ongizatea mantenduz. Xedea da material fosiletatik lortzen ditugun produktu gehienak biomasatik lortzea, eta horrek nekazaritzako ekoizpena areagotzea eragin dezake. Horrenbestez, lurzoruen kudeaketa izango da paradigma berri horren erdigunea.
Inaugurazio ekitaldian izan da Valentin Teres, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzako zerbitzuburua, eta bere mintzagaia izan da “lurzoruen kudeaketa jasangarria eta ezagutza sortzea, biomasaren ekoizpen mugagabea ahalbidetzeko, ekonomia berri baterako zutabe nagusi moduan”. NEIKER-Tecnaliako zuzendari Leire Barañanok “lurzoruaren ekarpena” nabarmendu du”, “bioekonomiarako baliabide iraunkor moduan”. Lurzoruaren Zientzien Portugaleko Elkarteko (SPCS) lehendakari Carlos Alexandreren hitzaldiaren gaia izan da “politika publiko integratuen beharra, lurzoru-gizarte harreman iraunkorragoak sustatzeko”. Jorge Mataixek,Lurzoruaren Zientzien Espainiako Elkarteko (SECS) lehendakariak, bere hitzaldian, “bioekonomia” azpimarratu du, “basogintzaren kudeaketan aldaketak eragiteko eta basoko baliabideen balioan agerian jartzeko tresna gisa, sute suntsitzaileak saihesten laguntzeko”. Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Ane Oyarbidek, berriz, hiria aurkeztu du, hiri jasangarrien adibide moduan.
CICS 2018 Biltzarraren antolatzaileak dira NEIKER-Tecnalia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakundea; Lurzoruaren Zientzien Espainiako Elkartea (SECS), Lurzoruaren Zientzien Portugaleko Elkartea (SEPS), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA).