Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako aginduaren bitartez, EAEko nekazaritza eta basogintzaren sektoreetan eta arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean ikerketak, garapenak eta berrikuntzak egiteko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak.
Euskadiko nekazaritza eta arrantza sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztera eta sustatzera bideratuta daude laguntza horiek, izan ere, helburua da sektore horietan efizientzia handitzea, lehiakortasuna areagotzea, hazkunde iraunkorrean laguntzea eta lankidetza sustatzea.
Laguntza horiek finantzatzeko 1.600.000 euro erabiliko dira, eta diru hori oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik dator.
Laguntzaren xede diren jarduerak eta laguntzaren onuradunak
Laguntza hauen bitartez jarduera hauek finantzatuko dira:
• Funtsezko ikerketen, industri ikerketen eta garapen esperimentalen proiektuak.
• I+G+Bko proiektuei buruzko bideragarritasun teknikoaren azterketak.
• Zerbitzu jardueren antolaketaren alorreko berrikuntzak.
Lehen bi laguntza lerroen onuradunak izango dira nekazaritza edo arrantzaren sektoreetan diharduten enpresa, elkarte, fundazio, elkarketa, zentro teknologiko eta ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.
Zerbitzu jardueren antolaketaren alorreko berrikuntzetarako laguntzen onuradunak, berriz, nekazaritza edo arrantzaren sektoreetan diharduten enpresa, elkarte, fundazio eta elkarketak izango dira.