HARAGI Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko I. Topaketa da. Nazioarteko topaketa apirilaren 27tik 29ra egingo da, eta ekitaldiak, hitzaldiak eta bazkari herrikoiak egingo dira Tolosaren erdiguneko plaza eta kaleetan.
Gainera, apirilaren 27an, haragiarekin eta txingarrarekin diharduten profesionalei zuzendutako sinposio bat egingo da, Basque Culinary Center-en.
Tolosako Udalaren, HAZI Fundazioaren eta Basque Culinary Center-en ekimen bat da topaketa
Haragiren lehen edizioan, tokiko, estatuko eta nazioarteko parrilariek hartuko dute parte; besteak beste, Mexikon bizi den Dante Ferrero argentinarrak. «Behiaren chefa» izenarekin ezagutzen zaio, eta Tolosara ekarriko duen «behiaren showean», 300 kg inguruko behi bat erreko du, osorik, 24 orduz.
Kultura-erritual hori asteburuan zehar ikusi eta dastatu ahalko da, Tolosako Euskal Herria plazan. Haragiaren nazioarteko erreferenteek ere parte hartuko dute, Brasil, Peru eta Argentinatik etorriak; eta, estatuko parrilari eta Tolosako erretegiekin batera (Burruntzi, Casa Julián, Casa Nicolás eta Botarri jatetxea), hiriaren erdigunea haragiaren eta txingarraren aroma eta zaporez beteko dituzte. Azoka herrikoi honen helburua ere da lanbideari, tokiko produktuari eta Euskadiko parrila-tradizioari ikusgaitasuna ematea.
Tolosako Udalaren, HAZI Fundazioaren eta Basque Culinary Center-en ekimen bat da topaketa, eta, Tolosako Txuletaren Festaren bideari jarraituz, tradizioa, tokiko produktua, nazioarteko joerak eta prestakuntza biltzearen alde egin nahi dute.
Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzarentzat topaketa oso garrantzitsua dela adierazi du HARAGIko aurkezpenean. “Izan ere, Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (2017-2020) jasotzen den bezala, lan-eremu hori lehentasun estrategikoa da. Asmoa da elikadura eta sukaldaritzaren balio-katearen pisua areagotzea euskal BPGean: gaur egun % 10,56koa da, eta lau urte barru %12koa izatea espero da. Horretarako, 2.457 milioi euroko inbertsioa egin behar da” – azaldu du Orozek.
Egitaraua
Ekitaldiari hasiera emateko, apirilaren 27an, Basque Culinary Center-en auditoriumean, profesionalei zuzendutako sinposio bat egingo da. Bertan, haragiarekin eta txingarrarekin loturiko zenbait alderdi jorratuko dira: ekoizpena, jasangarritasuna, heltzea, erretzeko teknikak eta azken emaitzan horrek guztiak duen eragina.
Lehen egunean, gauean, inaugurazio-afaria egingo da Tolosako merkatuko jantokian, eta Tolosako erretegiek emango dute (Burruntzi, Casa Julián, Casa Nicolás eta Botarri jatetxea). Afarian, Tolosako erretegien menu tradizionala dastatuko da, eta txuleta izango da plater nagusia.
Larunbatean, parrilak egongo dira Tolosako Euskal Herria plazan, eta askotariko errekiak ikusi eta dastatu ahalko dira. Mexikon bizi den Dante Ferrero argentinarrak «behiaren showa» egingo du; Jefferson Rueda brasildarra eta Renzo Garibaldi perutarra larunbateko afarian dastatu ahalko diren txerriak erretzeaz arduratuko dira; eta Pablo Rivero argentinarrak larunbat eguerdian dastatu ahalko diren arkumeak erreko ditu.
Bazkari, afari eta dastatzeez gain, larunbat goizean, Tolosako jantoki nagusiari atxikita dagoen erabilera anitzeko gelan, probatzeak, prestakuntza eta hitzaldiak emango dira, 11:00etatik aurrera, goiz osoan zehar. Zenbait gonbidatu berezi ere izango dira: José Gordón, Juan Antonio Zaldua eta Jayne Hardcastle.
Larunbat eguerdian, bazkari herrikoia emango dute tokiko eta kanpoko erretegiek Tolosako merkatuko jantokian. Larunbateko egitarauari amaiera emateko, 19:30ean, Tolosako erretegien ibilbidea eta lana omentzeko ekitaldi bat egingo da, Tolosako Topic zentroan. Haragiren lehen edizioa Dante Ferrerok 24 orduz erreko duen behia dastatu ondoren amaituko da.