Eusko Jaurlaritza nekazaritzako ekoizleen taldeen eta horien batasun edo federazioen eraketa eta funtzionamendua bultzatzen ari da hainbat eremutatik
, izan ere, bere ustez modu eraginkorra da produktuak merkaturatzeko eta ekoizleen sektoreak elikagaien balio katea eratzeko duen negoziazio ahalmena handitzeko. Zentzu horretan emandako azken urratsa izan da ekonomiaren garapeneko eta azpiegituretako sailburuak ekoizle talde horiei aplikatzekoak diren oinarrizko arauak ezartzeko eman duen dekretuaren onarpena.
Exekutibo autonomoak beharrezkotzat jotzen du nekazarien eta basoginen taldeen eraketa piztea eta sustatzea, eskaintza kontzentratzera eta ekoizpena merkatuaren eskakizunetara egokitzera bideratutako ekintza bateratuen bitartez lehen sektorearen garapen ekonomikoa indartzeko eta talde horiek nahiko egonkortasunez eta eraginkortasunez eratzen direla egoki kontrolatzeko eta egiaztatzeko. Premisa hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak abian jarritako Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (GEPE) definitutako ildoetan sartzen da, euskal nekazaritzako elikagaien komertzializazioa hobetzea baita planaren helburu nagusietako bat.
Aurreko guztiak eskatzen du ekoizleen taldeen aitortzari aplikagarrian den erregimen juridiko egokia edukitzea, garaietara egokitzeko eta basogintzaren sektoreko taldeei barruan onartzeko eta beraien baldintzak jasotzeko.
Hala, onartu berri den dekretuaren arabera, nekazaritzako eta basogintzako ekoizle taldetzat edo horien produktu bat edo gehiagoren batasun edo federaziotzat jo ahal izango dira nekazaritzako kooperatibak, eraldaketako nekazaritza elkarteak eta nortasun juridiko propioa duten bestelako erakundeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
• Ekoizleen ekimenez sortuta egon behar dira eta pertsona horiei erakundearen eta bere erabakien kontrol demokratikoa bermatu behar zaie.
• Nortasun juridiko propioa eta beren kideen ondare propioa eta independentea eduki behar dute.
• Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan kokatuta eduki behar dute eta gutxienez taldeko bazkideen %70ek bertan errotatua egon behar dute.
• Taldea eratzen duten bazkide ekoizleetako batek ere ezin du berak bakarrik erakundearen guztirako ekoizpenaren %20a ekoitzi.
• Elkartea eratzen duten taldeetako batek ere ezin du gainerako taldeei batasunaren guztirako ekoizpenetik dagokiena baino %50 gehiago ekoitzi.
• Haien helburuetako bat izan behar da produktuaren ekoizpena eta komertzializazioa batera egokitzea, eta Euskal Autonomia Erkidegotik datozen produktuak gutxienez %70 izan behar direla.
Beren estatutuetan sartu behar dira, besteak beste, jardueraren lurralde eremua, erakundearen kontrol demokratikoa bermatzen duten arauak, eta bazkideek taldea eratzean xede gisa ezarritako produktua edo produktu taldea ekoizteko obligazioa dutela, bai eta produktua edo produktu taldea zati bat behintzat Taldearen bitartez edo Taldea bitartekari izanda merkaturatzeko obligazioa dutela ere, taldeak ezarritako arauekin. Horretaz aparte, bere organo errektoreetan eta gobernu organoetan emakume eta gizonen arteko presentzia orekatua egoteko gomendioa ere egingo da, eta pertsona horiek bi hizkuntza ofizialetan trebakuntza nahikoa eduki beharko dutela ere bai.
Nekazaritzako eta basogintzako ekoizle taldetzat eta horien batasuntzat edo federaziotzat onartua izateko eskaera nekazaritzan eta abeltzaintzan eskumena duen zuzendaritzara bidaliko da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera. Nekazaritzako eta basogintzako ekoizle taldearen izaeraren onarpen edo ukatze ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunean hasita.
Nekazaritzako eta basogintzako ekoizle taldeak eta horien batasunak edo federazioak urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuak sortutako Nekazaritzako Ekoizleen Taldeen eta beren Batasunen Erregistroan inskribatuko dira. Erregistro hori publikoa izango da eta “Euskal Herriko Nekazaritzako eta Basogintzako Ekoizle Taldeen eta horien Batasun edo Federazioen Erregistroa” deituko da, eta Dekretuan ezarritakora egokituko da.