Ardoarabak hamabigarren urteurrena beteko du aurten, abenduko zubian Arabako eta Euskadiko erakargarri turismo nagusietako bat bihurtu baita.
Urtero 95.000 pertsonatik gora hurbildu ohi dira erlaitz kantauriarreko eskaintza enogastronomiko onenaz gozatzera; edizio honetan, hiru karpa egongo dira irekita asteazkenetik larunbatera, eta tabernen ibilbidea igandera arte egin ahalko da. 28 txartel dituen txeketegiaren prezioa 13 euro da, iaz bezala.
Aurten 52 ekoizle bilduko dira bertan: Arabako Errioxako ardoen eta Arabako txakolinen 17, Arabako sagardoaren lau, bi jatorri-deitura gonbidatu, bestelako ardoa eta likoreen sei saltoki, eta produktu autoktonoen 14.
Gasteiz On-ek antolatzen du azoka, eta Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetzak eta Basquetourren bitartez, Arabako Foru Aldundiak, Vital fundazioak, Euskaltelek eta Kutxabankek babesten dute.
Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendariak, Peli Manterolak, Ardoarabaren aurkezpenean parte hartu du eta azpimarratu du Euskadi, Araba eta Arabako Errioxa ezin direla ulertu mahastiak emandako nortasunik gabe, “horregaitik Eusko Jaurlaritzatik oso garrantzitsua ikusten dugu Ardoaraba bezalako sustapen ekimenetan parte hartzea eta elkarlanean aritzea”.
Identifikazio berria botiletan ikusteko aukera egongo da Ardoaraban
Manterolak ere aipatu du Arabako Errioxako ardoen bereizketa erreala eta adostua lortzeko urrats inportantea eman zela aurreko abuztuan Errioxako JDBan. “Eusko Jaurlaritzatik Arabako ardoen posizionamendua eta identifikazio hobetzea posible izango dugula oraingoan uste dugu” – gehitu du.
Identifikazio berri hau botiletan ikusteko aukera egongo da Ardoaraban, eta 2018an zehar bereiztasun hau nabermenduagoa izango da. Berritasun gisa, karpa bakoitzean bertan dauden upeltegiei buruzko informazioa eskainiko da: ardoak, uztak eta gainerako informazio interesgarria.
Karpak Probintzia, Aihotz eta Foru plazetan egongo dira, eta goiz eta arratsaldez irekiko dituzte; ostegunean, berriz, arratsaldez bakarrik. Orobat, hiru informazio-etxola jarriko dira San Frantziskon, Urrezko Zeledonen plazan eta Bastiturri kalean, eta umeentzako gunea(ludoteka, jauziak eta trena) Andre Maria Zuriaren plazan.
Gainera, ‘txoko gastronomikoak’ leku berezia izango du; azken bi urteetako arrakasta ikusirik, berriro Foru plazako pilotalekuaren ondoan jarriko da, eta kalitateko euskal produktuak ezagutarazteko funtzio didaktikoa indartuko du. Goizean umeentzako jarduerak antolatu dira, sukaldean lehen urratsak ematen ikas dezaten era atsegin eta interaktiboan. Arratsaldean, hiriko sukaldariek jatekoa eta edatekoa uztartzen dituzten dastatzeak eskainiko dituzte, produktuak alderatzeko dastatzeak egingo dira, ardoak aurkeztuko eta pintxoak egingo, eta sukaldaritza erakustaldiak ere izango dira.
Tabernen ibilbidea
Edizio honetan, 82 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte tabernen ibilbidean, eta 124 proposamen gastronomiko eskainiko dituzte. Betiko pintxo eta menu bereziei kazolatxoak batuko zaizkie lehenengo aldiz. Hartara, 2017ko Ardoaraba 238 proposamen gastronomikoetaraino iritsiko da