2017an Euskal Autonomia Erkidegoan abere arraza garbien elkarte eta erakundeei emango zaizkien diru laguntzak arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak
, urriaren 24ko bileran. Guztira 350.000 euro emango dira, abere lehiaketetan parte hartzea, liburu genealogikoak sortzea eta kudeatzea, eta kalitate eta errendimendu probak finantzatzeko.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak kalitateko abeltzaintza, landa inguruneko biodibertsitatearen zaintza eta landa guneen garapena bultzatzeko politika irmoaren barruan sartzen dira
Laguntza hauek Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak kudeatuko ditu, eta kalitateko abeltzaintza, landa inguruneko biodibertsitatearen zaintza eta landa guneen garapena bultzatzeko politika irmoaren barruan sartzen dira, bultzatu nahi diren alderdi horiek berriki aurkeztu den Abeltzaintza eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jasotzen diren funtsezko zutabeak baitira.
Hobekuntza programak gauzatuz (kontserbazioa edo hautaketa), arraza hedatuz eta bultzatuz eta errendimenduen kontrola eta balorazio genetikoaren ebaluazioa eginez, arraza garbien liburu genealogikoak kudeatzen dituzten abeltzaintza elkarteentzat dira laguntzak.
Era berean, elkarte horiek lortutako emaitzen zabalkundeaz arduratzen dira eta abereak eta abereen produktuak saltzen laguntzen dute, ekoizpen eraginkorragoa lortzea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriago egitea ahalbidetuta. Euskal Autonomia Erkidegoko landa guneak eta mendiko nekazaritzakoak garatzen eta bultzatzen ere laguntzen dute. Erakunde onuradunen artean dira, baita ere, arraza autoktonoekin lan egiten duten elkarteak, izan ere, horietako batzuk desagertzeko arriskuan daude eta tratamendu berezia dute beren kontserbaziorako eta beren aldakortasun genetikoa mantentzeko.
Onuradunak eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak
Xedapen honetan aurreikusten diren diru laguntzak eskuratu ahal izango dituzte abere arraza garbien elkarteek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten badute eta Abere Arrazen Sustapenerako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.
Elkarte hauek liburu genealogikoa kudeatzeko onarpena eduki behar dute, eta euskal arraza autoktonoak kontserbatzeko, hobetzeko eta sustatzeko xedapenak eta abere arrazen sustapenerako erakundeak arautzen dituztenak bete beharko dituzte. Esnetarako eta haragitarako abere arraza nagusiei eragingo die, bai eta desagertzeko arriskuan dauden arraza autoktono ugari gehienei ere.
Hauek dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
• Abere lehiaketak antolatzeko eta lehiaketa horietan parte hartzeko gastuak
• Liburu genealogikoak sortzeko edo mantentzeko gastuak
• Ganaduaren kalitate genetikoa eta errendimendua egiaztatzeko proben gastuak