2018an Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Programako gazteentzako hamabi beka (doktoretza aurrekoak) eta nekazaritza eta arrantzaren sektoreko eta elikagaien sektoreko ingurune zientifiko-teknologikoan eta enpresakoan Teknologoen Prestakuntzarako Programako hamar beka
deitzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken bileran. 2022ra arte, 1.354.450 euro egongo dira berez bekak direnetarako eta 200.000 euro inguru Gizarte Segurantzari atxikitzeko.
2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 83 beka finantzatu dira guztira gazte ikertzaileentzat eta 114 gazte teknologoentzat.
Nekazaritzako elikagaien industriako balio kate osoan etorkizuneko profesionalak prestatzen jarraitzeko eta I+G+B jarduera bultzatzeko Eusko Jaurlaritza irmoki garatzen ari den politikaren barruan sartzen dira, lehen sektore modernoagoa eta lehiakorragoa lortzeko jarduera estrategikotzat jotzen baita. Hala jasotzen da Eusko Jaurlaritzak berriki onartu duen Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (PEGA), zeinak helburu nabarmen hauek ditu, besteak beste: sektoreari jauzi kualitatiboa egiten laguntzea, merkatu globalean dituen berrikuntza eta kalitate ezaugarriak baititu, eta Elikaduraren balio katearen agente guztiak oro har lehiakorragoak izatea lortzea berrikuntzaren bitartez, ezagutza berriak barneratuz eta agente guztien lankidetzaren bitartez.
Era berean, laguntza hauek estuki loturik daude Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako finkatutako Herrialdearen Helburuetako batzuekin, hala nola hauekin: langabezia %10etik behera jaistea eta gutxienez 20.000 gaztek lehen lan esperientzia eduki dezatela lortzea.
Helburu orokorra
Hitz batean, asmoa da zentro teknologikoetan eta ikerketa zentroetan nagusiki ikerketa jarduerak eta garapen teknologikoko jarduerak egiten arituko diren zientzialarien trebakuntza lortzea, sektorerako interes handienekotzat jotzen diren eta etorkizunari begira proiekzioa daukaten lehentasunezko lerroetan ikerketa taldeak sendotzeko dagoen premiari erantzuten saiatuta. Horrekin, gainera, asmoa da Doktore gradua lortzen duten pertsonak gehiago izatea.
Era berean, bilatzen da teknologoen trebakuntza sektoreko enpresetan, nagusiki garapen teknologikoko eta enpresa berrikuntzako arloetan.
Proiektuak eta helmugako zentroak
Laguntzen onuradun diren pertsonak sektorean erreferenteak diren ikerketa zentroetan sartuko dira, hala nola NEIKERen, AZTIn eta LEARTIKERen. Beketako batzuk, halaber, EHU/UPVko zentro batzuetan garatuko dira.
Proiektu guztiek harreman estua dute elikaduraren balio katearen kate maila batzuekin, bai ekoizpenarekin (izurrien kontrol agroekologikoa) bai gastronomiarekin (elikagaien berrien diseinua eta garapena).
Iraupena eta zenbatekoa
Prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzen kasuan, kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta luzatzeko aukera egongo da, urtetik urtera. Hasierako kontratua eta luzapen guztiak batuta, iraupena ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Prestatzen ari diren teknologoen trebakuntza programarako laguntzei dagokienez, Dekretuak aurreikusten du laguntzak urte baterako izan daitezkeela edo segidako bi urtetarako; halere, kasu honetan laguntza guztiak bi urterako ematen dira.
Laguntzen zenbatekoei dagokienez, prestatzen ari diren ikertzaileek (doktoretza aurreko bekak) 18.574 euro eskuratuko dituzte lehen eta bigarren urtean, 19.833 euro hirugarren urtean, eta 24.555 euro laugarrenean. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 2.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, beste ikerketa zentro bazuetan egonaldi laburrak egiteko edo beste kurtso batzuk egiteko erabiliko da, esaterako.
Teknologoen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 13.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuota. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 1.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko gastuak ordaintzeko erabiliko da, gastuak justifikatu ondoren.