Leonor Espinosa izan da Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea
, bere herrialdeko sukaldaritza popularra erakusten du konplexurik gabe, harro egoteko modukoa baiteritzo; hala, euren sukaldaritza sustatzen ari da, berrikuntzan indarrak jarrita, biodibertsitatearen erabilera ugaritzeko eta norberarena denari balioa emateko tresna delakoan. Funleo fundazioaren bitartez, herrialde batik bat indigenen eta afro-kolonbiarren egitea eta jakitea errebindikatzen du, elikadura subiranotasunaren esparruetan landa-hazkundeko prozesuak bultzatzen ditu, eta ekoizle txikientzako merkaturatze-kanalak bilatzen, bai eta hezkuntza, nutrizioa, ekintzailetza eta turismorako tokiak ere herri etnikoetan.
Chocó eskualdean Sukaldaritza Zentro Integral bat zabaltzeko laguntzak biltzen ari da, narkotrafikoari alternatiba bat bilatzeko. Era berean, nabarmentzen du Kolonbiak bere sukaldaritzaren aberastasunaz jabetu behar duela, hango komunitateek euren ondare biologikoa, kulturala eta immateriala beregainki garapen sozial eta ekonomikoetan eralda dezaten proiektuarekin.
Basque Culinary World Prize Eusko Jaurlaritzak ematen duen nazioarteko saria da, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan eta gastronomiako erakunde akademikoetan lider den Basque Culinary Center (BCC) erakundearen bidez. Leonor Espinosak 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako proiektu batera bideratzeko, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera, alegia. Aurreko ekitaldian, 2016an, María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak irabazi zuen saria, Venezuelan egindako «Cacao de Origen» proiektuarekin.
Leonor Espinosaren aukeratu dute irabazle hamar proiektu finalistaren artetik. Epaimahaian mundu zabaleko sukaldari sonatuenetako batzuk izan dira, hala nolaJoan Roca entzutetsua (Espainia), Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko). Baita hainbat diziplinatan nazioarteko ospea duten adituak ere: Laura Esquivel, Como agua para chocolate best-sellerraren idazlea; Kirmen Uribe, euskal idazle irakurrienetako eta itzulienetako bat; Cristina Franchini, nazioarteko zuzenbideko aditua; Matthew Goldfarb nekazari organikoa, landa-soziologoa eta ekoizpen jasangarriko aditua; edota María Fernanda di Giacobbe, Basque Culinary World Prize 2016 sariaren irabazlea.
Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko finalistak: José Andrés (AEB), Ebru Baybara Demir (Turkia); Leonor Espinosa (Kolonbia); Dan Giusti (AEB), David Hertz (AEB), Anthony Myint (AEB), Daniel Patterson & Roy Choi (AEB); Melinda McRostie (Australia / Grezia); Niko Romito (Italia); Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).
Guztiak ere nazioarteko sukaldari entzutetsuak dira, gizartean euren lana zabaldu dutenak eta beren ogibidea berriro definitu dutenak, abilezia, sormena, berrikuntza eta gizarte-egonezinak bat eginda. Mugimendu hori sukaldari aitzindariz osatutako talde batek hasi zuen; horien artean zeuden, konparazio batera, Ferrán Adrià, Gastón Acurio, Dan Barber, Heston Blumenthal, Massimo Bottura, Claus Mayer, Jamie Oliver, Rene Redzepi edota Alice Waters.
Euskadi-Basque Country estrategia
Aurtengo edizioko irabazlea jakinarazteko ekitaldian, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak nabarmendu du saria estrategia baten barruan ulertu behar dela, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu den herrialde-estrategia baten barruan, alegia. Lurralde berritzaile eta lehiakorra, Orozen hitzetan, «gastronomia da mundu zabalera irekitzea nortasun-zeinu duena».
«Gero eta nabarmenago da –gaineratu du– elikaduraren eta gastronomiaren sektorean alderdi tradizionalak eta teknologia berriak bat egiten ari direla, eta baldintza hori aprobetxatu beharra dago garatzen den inguruaren baldintza sozialak eta ekonomikoak hobetzeko, haren nortasun-osagaia sustatuta, baita konpromiso soziala ere.»
Orozek gidatutako ekitaldi honetan, era berean, Basque Culinary Centerren nazioarteko kontseiluaren bilera ere egingo da, baita biodibertsitateari buruzko sinposium bat ere Xochimilcon. Hala, Oroz sailburuordeak lan-agenda betea izango du Mexiko aldean: nekazaritzako eta elikadurako industriarekin lotutako gobernu-erakundeekin bilerak egiteaz gain, sektore horretako enpresak ere bisitatuko ditu Jaurlaritzako ordezkariak.
Hain zuzen, Mexiko aukeratu dute ekitaldi hauek egiteko, Latinoamerikako gastronomiaren aberastasunaren eta potentzialaren adierazpide eredugarria den aldetik, eta sukaldaritza garaikideak aurrez aurre dituen erronkak bikain irudikatzen dituen neurrian.