Eusko Jaurlaritzak Nirea izeneko ekimena jarri du martxan, euskal gizarteak (enpresak, erakundeak eta herritarrak) landa- eta itsas inguruaren garapen iraunkorrarekiko duen erantzukizuna sustatzeko.
Bada, Bilbon ospatu den Global Innovation Day delakoaren azken edizioan, ekimen honek presentzia nabarmena izan du.
“Ekarpen txiki bat, lorpen handi bat”
“Ekarpen txiki bat, lorpen handi bat” lelopean, nazioarteko ekitaldi hau aprobetxatu zen berrikuntzarekin lotuta dauden EAEko enpresei Nirea programa aurkezteko. Berrikuntza diogu, hain zuzen ere, hitzaren zentzurik zabalenean, gizarte-berrikuntzatik hasi eta berrikuntza zientifiko teknologiko hertsiena barne hartuta. Helburua elikaduran, komertzializazioan, ekintzailetzan eta beste hainbat alorrean egiten ari diren programa eta proiektu berritzaileak ezagutzera ematea, beraiek gauzatzen ari diren proiektu-motak ezagutzea eta etorkizunean lankidetzak sor ditzaketen sinergiak antzematea izan da.
Nirea ekimenak “txoko” bat eduki zuen, eta, bertan, hainbat bisita jaso eta harreman ugari ezarri zituen agente eta proiektuekin. Era berean, “3. ZIRKUITUA: Unibertso paraleloak. Berrikuntzarako bidaiak sustatzeko testuinguru eta ingurune egokiak sortzea: Berrikuntza elkarlanean” izeneko jarduera bateratuan parte hartu zuen.
Ekimenaren sustatzaileen ustez, esperientzia hau “oso aberasgarria izan da, gure harreman-sarea handitzeko, ikuspuntuak partekatzeko eta proposamen berriak sortzeko aukera eman baitigu, eta, beraz, datozen hilabeteetan proiektu eta atxikipen berriak izatea espero dugu”.